Itxi

Beste kirolak

Txapeldunen Liga

Bidasoak erakustaldia eman du Savehofen aurka eta C multzoko liderra da

A.B.

Talde gipuzkoarrak irabazi egin du gaur arte liderra zen talde suediarraren aurka (39-23) eta multzoko lehen postuan kokatu da.

  • Bidasoa Irun. Argazkia: EiTB

    Bidasoa Irun taldeko jokalariak IK Savehofen aurka lortutako garaipena ospatzen. Argazkia: EiTB

Bidasoa Irunek garaipen handia lortu du IK Savehofen aurka (39-23) Txapeldunen Ligako bosgarren jardunaldiko partidan. Ondorioz, talde gipuzkoarrak, C multzoko lidertza kendu dio talde suediarrari. Bidasoa da liderra 9 punturekin, eta Savehof da bigarren 8 punturekin.

Erritmo biziarekin ekin diote neurketari bi taldeek, eta hasierako minutuetan parekotasuna izan da nagusi. Lehen 14 minutuetan berdinketak eman dira bata bestearen ostean (3-3, 5-5 eta 6-6). Lehen zatiaren erdialdetik aurrera Bidasoa nagusitzen hasi da, eta lehia 23. minutura iritsi denean, lau goleko errenta eskuratu du talde gipuzkoarrak (13-9). Defentsan lan eskerga eginda, Bidasoak ez dio aukerarik eman Savehofi. Talde suediarra ezinean ibili da lehen zatiaren azken txanpan, gipuzkoarrek abantaila handitzea lortu dute, eta neurketa Bidasoaren aldeko 18-12ko emaitzarekin iritsi da atsedenaldira.

Bikain ekin dio Bidasoa Irunek bigarren zatiari, hiru gol jarraian sartuta (21-12), aurkariaren erasoaldiak ondo defendatuta, eta abantailak bederatzi golera handituta. Savehofek aldeak zertxobait murriztea lortu du momentu baten (22-15), baina Bidasoak ondo jokatzen jarraitu du, ez da urduri jarri, eta berriro nagusi izan da kantxan. Irungo taldea hamabi goleko abantailarekin heldu da azken hamar minutuetara (31-19), eta garaipena bideratuta utzi du. Amaierako minutuetan jaun eta jabe izan da euskal taldea, erakustaldia eman du Bidasoak, eta garaipen handia lortu du (39-23).

Fitxa teknikoa:

39 - Bidasoa Irun (18+21): Ledo (a), Cavero, Crowley (1), E. Salinas (3), R. Salinas (7, 2p), Azkue (8, 1p), Rudy Seri (4) -hasierako taldea-, Rangel (oa), Orbovic, Zabala (4), Odriozola (3), Serrano (3), De la Salud (1), Renaud-David (5, 1p), Tesoriere eta Da Silva.

23 - IK Sävehof (12+11): Björgvinsson (a), Aga Eck (1), Brännberger (1), Salihi (3), Sunajko (1), Edvardsson (3), Karlsson (4, 1p) -hasierako taldea-, Berlin (2), Koncz (1), Blanche (5), Wedberg (1, 1p), Möller (oa), Bogojevic eta Spante (1).

Emaitza bost minutuero: 3-2, 6-5, 8-7, 12-8, 14-12, 18-12 (atsedenaldia); 21-13, 24-16, 28-16, 31-19, 36-21 eta 39-23 (amaiera).

Epaileak: Vesovic eta Mitrovic (Montenegro). E. Salinas eta Tesoriere Bidasoako jokaariak egotzi dituzte, baitay Wedberg, Aga Eck, Brännberger eta Edvardsson IK Savehofeko jokalariak.