Itxi

Beste kirolak

Tokio 2020

Elena Loyok 29. egin du maratoian, denboraldiko bere markarik onenarekin

EITB MEDIA

Jepchirchir txapeldun olinpikoak baino 7:18 gehiago egin du helmugan. Bero handia eta % 80ko hezetasuna izan dute korrikalariek ibilbide osoan.

0:21
Elena Loyo maratoilaria

Peres Jepchirchir keniarra da maratoiko olinpiar txapeldun berria. Lasterketa kontrolpean izan du hasieratik eta Brigid herrikidearen aurretik gailendu da. Elena Loyo arabarrak 29. egin du, irabazlearengandik 7:18ra.

Sapporoko kaleetan jende asko bildu da, maratoiaren gogortasuna eramangarriagoa izan zedin. Dominen borroka pribilegiatu batzuen esku geratuko zela ikusi da laster. Atzo, azken orduan, irteera aurreratu zuten, goizeko 6etara, baina tenperatura 30 graduen inguruan ibili da eta hezetasuna %80 ingurukoa izan da.

 Hala ere, baldintzak baldintza, Elena Loyo Basque Teameko atletak bere ametsa bete du, 42.195eko proba olinpikoan debuta egin, eta lan bikaina eginda. Arabarrak hogeita bederatzigarren bukatu du, Peres Jepchirchir keniarrarengandik 7:18ra. Loyo estatu mailako atletarik onena izan da eta hamargarrena Europa mailan.

"Egia esan, lasterketan momentu oso gogorrak izan dira, leku batzuetan eguzkiak jotzen zuelako eta jasanezina zelako. Gorputzak esaten zizun, geratu zaitez hementxe bertan. Baina, egia esan, gainditzen joan naiz, gero itzalen bat zegoelako eta berreskuratzeko ematen zidalako. Oso ondo, hobera  egin dudalako, horrek ere animatu egiten ninduen, eta maratoi olinpikoan nintzala jakiteak atera aurretik sinatuko nukeen emaitza batera bultzatu nau. Horrela egitea sinatuko nukeen, marka ere ez da txarra izan, baldintzak gorabehera, eta postua oso ona dela uste dut" esan du Loyok proba amaitzean.

"Pozik egoteko moduko emaitza"

Sapporon eman diren baldintzak gorabehera, arabarrak denboraldiko bere markarik onena sinatu du (2:34:38), 'Top 30'ean sarru da eta oso zati ona korritu du azken txanpan. "Nik uste dut denbora oso ondo dagoela. Ni ez naiz oso pozik egoten beti nire emaitzekin, baina uste dut, aztertuta, oso ondo dagoela. Uste dut urrats on bat eman dudala, nahiz eta une batzuetan beldurra pixka bat eman diezazukeen jendeak zugandik asko espero duelako eta zuk ez dakizulako zer emango duzun. Uste dut oso ondo dagoela, hamargarren europarra izan naiz, eta pozik egoteko modukoa dela uste dut, egia esan. Nondik natorren kontuan hartuta, pozik egoteko, gutxienez" aitortu du.