Itxi

Beste kirolak

SNOWBOARDA

Lucas Eguibarrek azken Munduko Kopa jokatuko du Cortina d'Ampezzon, Beijingo Jokoetara abiatu aurretik

EITB MEDIA

Rider donostiarrak motibatuta egingo dio aurre Italiako probari, baina indarrak neurtzen saiatuko da, otsailaren 10ean jokatuko den hitzordu olinpiko handiari begira.

1:01
Lucas Eguibar

Lucas Eguibar snowboarderrak Beijingo Neguko Olinpiar Jokoen aurreko azken Munduko Kopa jokatuko du asteburu honetan Cortina d'Ampezzon (Italia). Donostiarrak oso motibatuta ekingo dio, baina indarrak neurtu nahian, datorren otsailaren 10ean jokatuko den hitzordu olinpikoa izanik xede nagusia.

Egungo Munduko txapelduna Txinako hiriburuan podium olinpikora igotzeko faboritoetako bat da. Donostiarrak diploma bat lortu zuen 2014ko Sotxiko Jokoetan, baina ez zitzaion hain ondo joan Pyeongchangen, 2018an, final-zortzirenetan kanporatuta geratu baitzen. Oraingoan, arantzatxo hori atera eta bere kirol ibilbidea domina olinpikoarekin osatu nahi du. Ibilbide horretan, nabarmentzekoak dira 2015eko Munduko Kopan irabazitako Kristalezko Globoa, 2017ko Sierra Nevadako Munduko Txapelketan erdietsitako zilarra eta 2021ean Idre Fäjllen (Suedia) lortutako Munduko titulua.

Munduko txapelketa horren ondoren, bizkarreko lesio bat eraman du arrastaka, eta, hori dela eta, uda honetan lehian jarraitzea zalantzan jartzen hasi zen. Hala ere, badirudi azken infiltrazioek ondorio ona izan dutela, eta sasoiko dagoela dio, baina ez du ukatzen ahalegin handia egin behar duela Italiako proba honetan indarrak ez agortzeko, bere aukerak ez daitezen murriztu, urteko helburu handiari begira.

"Nire burutik pasatzen da hau lasai hartzea, lasterketa hau gozatzea, sentsazioak hartu eta pixkanaka, Jokoetan pentsatzen joatea. Azkarrak izan behar dugu, ez dugu dena jokatuko lasterketa honengatik, baina, aldi berean, oso lasterketa garrantzitsua da eta dena eman behar dugu sailkatzeko", adierazi dio snowboarderrak Basque Team fundazioari gaur goizeko entrenamenduen ostean.

"Zirkuitu polita da. Hasieran, hiru edo lau bihurgune itxi-itxiak daude, eta oso estua da; nire ustez, hor ezin da ezer aurreratu. Azken zatia oso zuzen luzea da, eta super polito dago. Abiadura hartzen da eta hori da niri gustatzen zaidana. Gainera, gaueko lasterketa izanda, oso dibertigarria izango da", gaineratu du Basque Teameko kirolariak.

Denboraldi honetan, Munduko Kopako emaitzarik onena Cerviniako (Italia) proban lortu zuen, joan den abenduan. Bertan podiumeko hirugarren tokira igo zen.

Alvaro Romero ere Cortinan da

Alvaro Romero rider donostiarra ere Cortina d'Ampezzon lehatuko da iragan asteburuan Reiteralmen jokatutako Europako Kopan lortutako garaipenaren ondoren.

Alvaro Romero, Cortina d'Ampezzon

Alvaro Romero, Cortina d'Ampezzon

"Oso pozik nator, oso motibatuta. Aurreko eguneko garaipena behar nuen zerbait zen, denboraldi honetan tokatzen zitzaidana. Oso motibatuta nator, Munduko Kopan ondo aritzeko gogoz, nire azken-aurreko lasterketan egin nuen bezala, Errusian. Zirkuituak errespetu pixka bat ematen zidan hasieran, baina orain probatu dut, azkar joaten ari naizela uste dut, oso ondo joan daitekeela uste dut, eta bihar ahalik eta ondoen egitera eta zer moduz ateratzen den ikustera joango gara. Niri irteerak pixka bat kostatzen zaizkit ,eta hau pixka bat altua da eta oso gogorra. Lehenbizikoa pixka bat kostatu zait. Lehen zatia zailena da, eta gero hiru bihurgune daude, nahiko jarraituak, txikiak eta itxi samarrak, baina abiadura ez da oso handia, eta pixka bat errazagoa egiten da, eta, gero, azken zatia dago, oso zuzen luzea, hainbat bikoitz eta jauzi dituena. Abiadura handia hartzen da", esan dio Alvaro Romerok Basque Team fundazioari, Cortinako zirkuituan goizeko entrenamendua egin ostean.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena