Itxi

Beste kirolak

Motorra

Nafarroako Zirkuitua, 7 milioi euroan salduta

EITB Media

Los Arcosen dagoen zirkuitua Motor Sport Vision Erresuma Batuko enpresak erosi du.

  • Nafarroako Zirkuitua

    Nafarroako Zirkuitua. Argazkia: EITB Media

Los Arcosen dagoen Nafarroako Zirkuitua 7 milioi euroan erosi du Motor Sport Vision (MSV) Erresuma Batuko enpresak. Hala jakinarazi du irailaren 30ean Nafarroako Azpiegituren Kirol, Kultur eta Aisialdi Kontseiluak.

Ostiral honetan (irailak 30) salmentaren berri eman dute prentsaurreko baten bidez Rebeca Esnaola Kultur eta Kirol kontseilariak eta Ramon Urdiain Nafarroako Azpiegituren Kirol, Kultur eta Aisialdi Kontseiluko gerenteak.

Rebeca Esnaolak jakinarazi duenez, Nafarroako Zirkuituak 28 milioi euroko galerak izan ditu 2010ean martxan jarri zenetik, eta urte bakar baten ere ez du irabazirik izan.

Nafarroako Gobernuak zirkuitua salgai jartzea erabaki zuen 2020an, azpiegiturak zekarren kostu handiagatik, eta helburua zen mota horretako instalazioen kudeaketan esperientzia zuen enpresa kaudimendun batek erostea.

Erresuma Batuko enpresarekin lortutako akordioak egungo Nafarroako Zirkuituko langile guztien (10 pertsona) subrogazioa bermatzen du. Salmentak 2 milioi euroko aurrezpena suposatuko du sozietate publikoarentzat, Nafarroako Zirkuituan pista asfaltatu, ibilgailu zein karting-flota berritu, eta beste inbertsio batzuk egin behar baitziren, eta MSV enpresak bere gain hartuko baititu horiek guztiak.

Zirkuitua eraikitzeko 52 milioi euro inbertitu ziren hasiera batean, baina 67,8 milioiko kostua izan zuen azkenean. 35 milioi euroko mailegua sinatu zen, eta diru kopuru horretatik ordaintzeke geratzen diren 5,8 milioiak Nafarroako Azpiegituren Kirol, Kultur eta Aisialdi Kontseiluak ordainduko ditu salmentatik jasotzen dituen 7 milioietatik.

Salmenta akordioa laster itxiko da. MSV enpresak datozen bost urteetan Nafarroako Zirkuitua 7 milioi baino gehiagoren truke saltzen badu, Nafarroako Azpiegituren Kirol, Kultur eta Aisialdi Kontseiluari ordaindu beharko dio diferentzia.