Itxi

Beste kirolak

Aizkolaritza

Ezpeleta, Euskal Herriko txapeldun

A. B. E. | EITB Media

Hodei Ezpeletak irabazi du 2022ko Aizkolaritzako Euskal Herriko Txapelketa eta bigarrenez jantzi du txapela maila gorenean.

1:29
Hodei Ezpeleta 'Bihurri'

Hodei Ezpeletak irabazi du 2022ko Aizkolaritzako Euskal Herriko Txapelketa igande honetan (azaroak 27). Nagusi izan da Bilboko Bizkaia frontoian jokatu den finalean.

Ezpeletak 47 minutu eta 42 segundo behar izan ditu lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko enborrak mozteko. Eibarko 22 urteko aizkolariak minutu bat eta 35 segundo atera dizkio bigarren izan den Xabier Zalduari (49:17). Jokin Urretabizkaia 'Basozabal' izan da hirugarren, lanak bukatzeko 53 minutu eta 53 segundo behar izan dituelarik.

Hasieratik jarri da probaren buruan Hodei Ezpeleta 'Bihurri'. Estreinako kanaerdikoa mozten lehena izan da, Basozabali zortzi segundo eta Zalduari 21 segundo aterata. Bigarren kanaerdikoan ere lehen postuari eutsi dio Ezpeletak, baina Zalduak aurreratu egin du Basozabal. Hurrengo bi enborretan, 60 ontzakoetan, Hodei Ezpeletak nagusi izaten jarraitu du; Zalduaren eta Basozabalen arteko lehia, aldiz, oso estua izan da.

Bigarren oinbikoan, seigarren enborrean, Zalduak murriztu egin du Ezpeletarekiko zuen desabantaila, eta hirugarren oinbikoa (7. enborra) mozteko denbora bera behar izan dute biek ala biek. Zortzigarren enborrean, laugarren oinbikoan, Zalduak 27 segundo jan dizkio Ezpeletari, eta txapela lortzeko lehia estutu du.

Bederatzigarren enborrean (60 ontzakoa) Hodei Ezpeletak hiru segundo atera dizkio Xabier Zalduari, baina gakoa 10. enborrean (60 ontzakoa) egon da; Ezpeletak 3'57"an moztu du, eta, Zalduak 4'56" behar izan ditu, adarra egokitu baitzaio.

Azken bi enborretara minutu bat eta 27 segundoko abantailarekin iritsi da Hodei Ezpeleta 'Bihurri' eta garaipenak ez dio ihes egin.

4, 5 eta 6. postuak

Joxan Etxeberria (56:07) izan da laugarren. Bosgarren postuan amaitu du Luis Mari Txapartegik (58:40) eta seigarren postuan bukatu du Iban Fresnedak (60:44).