Itxi

Beste kirolak

HARRI-JASOTZAILEAK

Ergobia eta Etxauri, "Harri Herri" saioko lehen finalistak

B. L. G. | EITB MEDIA

Emakumezkotan, Zelai buru duen taldeak irabazi du finalerdia; gizonezkoetan, berriz, Ostolazarenak.

1:10
Etxauri

"Harri Herri" programak bere lehen saioa izan du astelehen honetan, eta bertan Ergobia eta Etxauri izan dira talde abilenak Harri eta Herri harri baldarrekin, eta apirilaren 10eko finalerako sailkatu dira.

Berezia da saioaren formatua. Izan ere, taldekako lanaren helburua harri landuekin ahalik eta altxaldi gehien batzea da, bukaeran harri baldarrarekin denbora gehiago izateko, azken horrek emango baitio garaipena taldeari.

Harri landuekin egindako altxaldi bakoitzak denbora kopuru jakin bat gehituko dio amaierako saioari. Emakumezkoetan, kuboari egindako jasoaldi bakoitzak 5 segundo batuko ditu, zilindroak 4 eta bolak 2. Gizonezkoetan, bestalde, koadroak eta kubiokoak 4 segundo batuko dituzte, zilindroak eta bolak 2 segundo.

Ergobia (Karmele Gisasola, Lierni Osa eta Garazi Arruti) eta Ulia (Udane Ostolaza, Patricia Martin, Olaia Esnaola) taldeen arteko lehian, Joseba Ostolazari (Ulia taldeko kapitaina) egokitu zaio harri bakoitza altxatzeko denbora banatzea, eta 88 kiloko koadroari 2 minutu eman dizkio, 63 kiloko zilindroari 3 minutu eta 50 kiloko bolari minutu bat.

Koadroarekin Udane Ostolaza eta Karmele Gisasola egon dira parez pare. Ulia taldeko Ostolazak heldu dio lehenik harriari eta 7 aldiz jaso du; Gisasolak, berriz, 9 aldiz. Zilindroaren txanda heldu da ondoren, Patricia Martinek 31 aldiz jaso du 5 arroako harria, eta Lierni Osak ezin izan du marka berdindu, 27 jasoaldira heldu baita. Azkenik, bolarekin aritu dira Olaia Esnaola eta Garazi Arruti. Ostolazaren gidaritzapekoak 14 aldiz altxa du harria. Garazi Arrutik, ordea, 11 aldiz eraman du harria sorbaldara.

Horrela, Uliak 3 minutu eta 7 segundoko denbora batu du (35 segundoko, 124 segundoko eta 28 segundoko bonusak), eta Ergobiak 2 minutu eta 55 segundokoa (45 segundoko, 108 segundoko eta 22 segundoko bonusak). Beraz, 12 segundo gutxiago zituen Zelai II.aren (Ergobia taldeko kapitaina) hirukoak harri baldarrarekin aritzeko.

Zeregin horretan, Karmele Gisasola izan da Herri jasotzen lehena, hasieran buruarekin ezetz egiten badu ere, gerora 10 aldiz eraman du harri baldarra kolkora. Olaia Esnaolak, baina, jasoaldi bakarra egitea lortu du, eta horrek Ergobiaren finalerako sailkapena ziurtatu du.

Gizonezkoen txandan, Laukariz (Xabier Aranburu, Jon Unanue, Xabat Olaizola, Gorka Etxeberria) eta Etxauri (Jokin Eizmendi, Aimar Galarraga, Imanol Royo eta Paulo Azpiazu) laukoteen arteko neurketan ere, Ostolazak (Etxauriko kapitaina) irabazi du hasierako zozketa, eta hark banatu ditu jasoaldien denborak: 3 minutu 200 kiloko koadroarentzat, 4 minutu 137,5 kiloko kubikoarentzat, 2 minutu 125 kiloko zilindroarentzat eta minutu bat 100 kiloko bolarentzat.

Koadroarekin, Laukarizeko Xabier Aranburuk ekin dio lanari eta 6 jasoaldi egin ditu. Jokin Eizmendik 3 jasoaldi gehiago (9) egin ditu. 11 arroako kubikoarekin, berriz, Jon Unanue eta Aimar Galarraga aritu dira, oraingoan Laukarizekoak jasoaldi gehiago egin ditu, 15; Etxaurikoak, berriz, 13. Xabat Olaizola eta Imanol Royo zilindroarekin aritu dira. Lehenak 22 jasoaldi egin ditu, bigarrenak, 20. Harri landuekin egindako azken saioa bolarekin egin dute Gorka Etxeberriak eta Paulo Azpiazuk; 12 eta 17 jasoaldi egin dituzte hurrenez hurren.

Etxauri 10 segundoko abantailarekin heldu da Harri harri baldarra jasotzera. Ostolazak zuzendutako mutilek 2 minutu eta 42 segundo (36 segundoko, 52 segundoko, 40 segundoko eta 34 segundoko bonusak) izan dituzte. Zelairenek (Laukariz taldeko kapitaina), bestalde, 2 minutu eta 32 segundo (24 segundoko, 60 segundoko, 44 segundoko eta 24 segundoko bonusak). Abantaila horrek ezarri du aldea Gorka Etxeberriaren eta Jokin Eizmendiren artean, hain zuzen ere, jasoaldi bat gehiagorekin sailkatu baita Etxauri finalerako (9 eta 10 egin dituzte, hurrenez hurren).

FITXA TEKNIKOA:

EMAKUMEZKOAK
         
   KOADROA
ZILINDROA
BOLA
DENBORA
         
 ERGOBIA  9  27  11 2:55
 ULIA  7  31  14 3:07
         
HARRI BALDARRA
         JASOALDIAK
         
ERGOBIA        10
ULIA        1

Puntuazioa: KOADROA (5 segundo jasoaldiko), ZILINDROA (4 segundo jasoaldiko) eta BOLA (2 segundo jasoaldiko).

 

GIZONEZKOAK
           
   KOADROA   
 KUBIKOA
 KOPA 
BOLA 
DENBORA
           
 LAUKARIZ  6  15 22  12 2:32
 ETXAURI  9  13 20  17 2:42
           
HARRI BALDARRA
           JASOALDIAK
           
LAUKARIZ          9
ETXAURI          10

 

Puntuazioa: KOADROA (4 segundo jasoaldiko), KUBIKOA (4 segundo jasoaldiko), KOPA (2 segundo jasoaldiko) eta BOLA (2 segundo jasoaldiko).