Itxi

Beste kirolak

Duisburgoko Mundiala

Higinio Riverok Pariseko Jokoetarako txartela lortu du

EITB MEDIA

Piraguista bizkaitarrak seigarren amaitu du Duisburgoko Munduko txapelketako VL2-200 metroko finalean.

  • Higinio Rivero. Argazkia: Basque Team

    Higinio Rivero. Argazkia: Basque Team

Higinio Riverok lortu du Duisburgon (Alemania) jokatzen ari den Munduko sprint piraguismo txapelketan joan aurretik zeukan helburu nagusia. Bizkaitarrak seigarren postuan bukatu du VL2-200 metroko A finala eta horrela ziurtatu du 2024ko Pariseko Jokoetarako txartela. Frantziako hiriburukoak bigarren Jokoak izango dira Basque Team Fundazioaren beka duen palistarentzat. Tokion ere lehiatu zen eta han diploma paralinpikoa irabazi zuen, seigarren amaituta.

Duisburgeko Munduko Txapelketan Higinio bigarren izan zen sailkapen-saioan. 54.236ko denbora egin zuen, Igor Alex Tofalini brasildarraren atzetik helmugan sartuz, eta Kanada, Hungaria, Japonia, Thailandia eta Alemaniako ordezkarien aurretik bukatuz.

Finalerdian bere emanaldia are hobea izan zen. 53.437ko denbora egin eta bere finalerdian nagusitu zen, Andrii Kryvchun ukrainarra (54.383), Edward Clifton britainiarra, Tamas Juhasz hungariarra, Marius-Bogdan Ciustea italiarra, Anas Al Khalifa alemaniarra, Santi Wantawee thailandiarra eta Yuta Takagi japoniarra gaindituta.

Finalean Higiniok ezin izan du dominengatik borrokatu, baina 2024ko Pariseko Jokoetan parte hartuko duela ziurtatu du, seigarren amaitu baitu 54.137ko markarekin. Munduko Txapelketako urrea eta zilarra Fernando Rufino de Paulo eta Igor Alex Tofalini brasildarrek eskuratu dituzte, eta brontzea Steven Haxton estatubatuarrak.

"Aurrera egiten saiatu naiz, baina gogorra egin zait azkenean. 100era arte dominen lehian nenbilen, baina haizeagatik eta uragatik, gogorra baitzen, azkenean apur bat pattal ibili naiz. Pozik gaude Paris 2024rako sailkatu garelako; horrela datorren urtean lan egiteko eta dominen lehian egoteko denbora eta lasaitasuna izango ditugu" adierazi dio Riverok Espainiako Piraguismo Federazioko komunikazio taldeari proba amaitu ondoren.

Begoña Lazcano Basque Teameko kirolaria ere amets olinpikoaren atzetik dabil eta oraindik bere aukerei eusten die. Larunbat honetan K2-500 metroko A finalerako sailkatu da Laia Pelachsekin batera, eta igandean lehenengo seien artean sartuz gero, txartela lortuko dute.