Itxi

Alaves

Larunbatean, 18:30ean

Alaves, lehen puntuen bila De Biasiren gidaritzapean

Erredakzioa

Entrenatzaile italiarrak Katai eta Santos sartu ditu deialdian; aitzitik, kanpoan geratu dira Sobrino eta Burgui.

0:30

Alavesek Ciutat de Valencia bisitatuko du larunbatean, Levanteren aurka denboraldiko lehendabiziko puntuak lortzeko asmoz. Babazorroek Gianni De Biasi entrenatzaile italiarra daukate berrikuntza nagusi gisa; etxekoek, berriz, Betisen aurka astelehenean izandako porrotari (4-0) buelta eman nahiko diote.

De Biasik 19 jokalariz osatutako deialdia eman du, eta Katai eta Santos sartu ditu bertan; aitzitik, kanpoan geratu dira Sobrino eta Burgui.

Santos azken lau deialdietatik at geratu zen eta Katai estreinakoz sartu da denboraldi honetan; izan ere, ez zen sartzen Luis Zubeldia argentinarraren asmoetan, ezta bi partidatan hura ordezkatu duen Javier Cabellorenetan ere.

Talde gisa izan behar duten "antolakuntza" azpimarratu du Gasteiztarren entrenatzaileak berak zuzenduko duen lehen norgehiagokari begira. Eta bere jokalariei eskatu die erreakzionatzen jakin dezatela "bihotza bero eta burua hotz" izanda.

"Denbora behar dut, zenbait mutilek oraindik ez baitute ulertu zein den nire pentsamoldea, baina egun gutxiren buruan guztia konponduko dugu", azaldu du De Biasik.

61 urterekin bigarren aldia da Espainiako Lehen Mailan jardungo duela, eta aipatzekoa da Levanteren aurka egingo duela debut, hau da, ligan entrenatu zuen lehendabiziko taldearen aurka (2007/2008 denboraldian).

Alavesek egoera zailean helduko dio biharko lehiari: azken postuan dago, zero puntu ditu eta salbazioa bost puntura dauka jokatu dituen lehen sei partidak galdu ostean. Gainera, gol bakarra sartzea lortu du.

Nahiz eta oraindik 32 jardunaldi geratzen diren jokatzeko, Alavesek lehenbailehen lortu behar ditu puntuak tarteak handiagoak bihur ez daitezen.

Bere aldetik, Levantek orain arte jokoan egon diren puntuen erdiak bereganatu ditu ondo hasi duen denboraldian, baina Sevillan jasotako jipoiak eta aurrelarien gol eskasiak Alavesen aurrean ondo aritzera behartzen dute.

Balizko hamaikakoak:

Levante: Raul, Pedro Lopez, Postigo, Chema, Toño, Campaña, Bardhi, Rober Pier, Morales, Ivi edo Samu eta Alex Alegria.

Alaves: Fernando Pacheco, Vigaray, Rodrigo Ely, Maripan, Ruben Duarte; Dani Torres, Manu Garcia; Oscar Romero edo Munir, Tomas Pina edo Wakaso edo Medrán, Ibai edo Pedraza; eta Munir edo Christian Santos.

Epailea: Fernandez Borbalan (Andaluziako batzordea).

Futbol-zelaia: Ciutat de València.

Ordua: 18:30ean.

: 18:30ean.