Itxi

Alaves

1-0

Alavesek Sevillaren aurka porrota jasota esan dio agur denboraldiari

eitb.eus

Arabako taldeak 1-0 galdu du Sanchez Pizjuanen Ligako azken jardunaldiko partida. Ben Yedderrek sartu du neurketako gol bakarra.

  • Sevilla-Alaves. Argazkia: EFE

    Sevilla-Alaves (1-0). Argazkia: EFE

Alavesek 1-0 galdu du Sevillaren aurka Sanchez Pizjuanen, Ligako azken jardunaldiko partida eta porrotarekin esan dio agur 2017-2018. denboraldiari, salbazioa lortu duen sasoiari.

Partidari hobeto ekin dio Sevillak eta bi abagune izan ditu Sandroren bitartez, baina aurrelariak ez du asmatu Pacheco atezainaren aurrean. Ondoren, Alaves egin da baloiaren jabe eta Ruben Sobrinok jokaldi on baten ostean egin duen jaurtiketak langa jo du. Burguik ere egin du saiakera bat area kanpotik, baina Soria atezainak eragozpenik gabe harrapatu du baloia. Neurketako 28. minutuan, Sevillak gola sartu du; Vazquezek pasea eman du area barruan eta Ben Yedderrek sartu du 1-0ekoa. Caparrosek zuzentzen duen taldea nagusi izan da lehen zatian eta bigarren gola gertu izan du, baina 37. minutuan Vazquezek egin duen jaurtiketari Pachecok erantzun bikaina eman dio, eta 39. minutuan Alaveseko atezainak beste gol bat eragotzi du Ben Yedderrean aurrean buruz burukoan garaile aterata.

Bigarren zatia parekatuagoa izan da, baina abagune gutxikoa. Sevillak 65. minutuan izan du gola sartzeko aukera, baina Sarabiaren jaurtiketa kanpora joan da, zutoina jota. Alavesen erantzuna azkar etorri da, baina Soria atezainak Demirovicen jaurtiketa desbideratu du, eta ondoren Munirren errematea ere. Neurketako 72. minutuan, Sevillako atezainak erantzun paregabea eman dio Ibaik maisuki jaurtitako falta bati. Azken minutuetan, Pacheco atezainak Sevillaren beste gol bat eragotzi du, eta hiru puntuak Sevillan geratu dira.

Fitxa teknikoa:

1 - Sevilla: David Soria; Layun, Nico Pareja, Lenglet, Sarabia; Franco Vazquez, Nzonzi (Pizarro, m.46), Roque Mesa, Nolito (Lara, m.81); Ben Yedder, Sandro (Muriel, m.64).

0 - Alaves: Pacheco; Martin Aguirregabiria, Ely, Maripan, Ely, Dieguez (Tomás Pina, m.76); Sobrino, Dani Torres, Wakaso, Burgui (Munir, m.61); Demirovic, Bojan (Ibai, m.61).

Gola: 1-0, M.28: Ben Yedder.

Epailea: Carlos Del Cerro Grande.