Itxi

Alaves

Mendeurrena

100 urteko historia, 100 urteko sentimendua

L.E.A. | EITB MEDIA

Alavesek 100 urte egin ditu eta Lehen Mailan ospatuko du mendeurrena, beheko kategoria guztietatik pasa ondoren. Balentriarik handiena 2001ean egin zuen, UEFAko finalera iritsita.

  • Alavesen mendeurrena

    Alavesen mendeurrena. Irudia: EITB MEDIA.

Alavesek 100 urte bete ditu larunbat honetan, begirada atzera bota eta orain arte egindakoari errepasoa emateko momentu aproposa. Ospatzeko aukera ere izango dute arabarrek, baina pandemien murrizketek baldintzatutako ospakizuna izango da, halabeharrez.

Teoria ezberdinak egon arren, kluba 1921eko urtarrilaren 23an sortu zela adostu zuten talde arabarreko arduradunek, Sports Friends izenarekin.

100 urte geroago, Alavesek mendeurrena bete du Lehen Mailan. Guztira, 16 denboraldi eman ditu bertan, baina garai ezberdinetan.

Urte gehien Bigarren Mailan eman ditu klub arabarrak, 38 denboraldi guztira, baina Bigarren B Mailan, Hirugarrenean eta maila erregionalean ere jokatu dute. Zale askok oraindik gogoan ditu garai haiek, izan ere, duela bederatzi urte, Alaves Hirugarren Mailan zen oraindik.

"Ez dugu inoiz ahaztu behar nondik gatozen", esaten du beti Manu Garcia jokalari gasteiztarrak eta taldeko kapitainak. Alavesekin partida gehien jokatu dituen bigarren jokalaria da (296), Martin Astudillo argentinarraren atzetik (346).

Horiez gain, talde arabarrak goi-mailako hainbat jokalari eta entrenatzaile izan ditu, Espainiako eta mundu mailako ibilbidearekin: Ciriaco Errasti, Jacinto Quincoces, Juan Señor edo Jorge Valdano, adibidez. Valdano bera Alavesi esker iritsi zen Europako futbolera. 50ko hamarkadan Javier Berasaluce, Juan Gorospe, Primi Ruiz, Wilson Jones eta Julio Remacha jokalariek ere Gasteizen jokatu zuten.

Zerrenda amaigabea da, baina golegileek aparteko atala merezi dute. Manolo Serrano da historia golegilerik onena, 67 golekin. Lehen Mailari soilik begiratuta, berriz, Javi Morenok egin ditu, gaur arte, gol gehien, 29 guztira. Europan sei egin zituen.

Lehen Mailan egindako urteak

Taldea bost garai ezberdinetan izan da Lehen Mailan, lehen igoera 1930. urtean lortu zuenetik. Orduan, Ligako historian igoera lortzen zuen lehen taldea izan zen Alaves. Hiru denboraldi eman zituen onenekin lehian (30-31, 31-32 y 32-33).  Hurrengo aldian, bi denboraldi egin zituzten Lehen Mailan (54-55 eta 55-56), baina hirugarren igoeran, orduan bai, denbora luzeagoa egin zuten (98-99, 99-00, 00-01, 01-02 eta 02-03). Laugarren aldian urtebete bakarrik iraun zuten onenekin (05-06) eta oraingoan, bosgarrenean, bost urte daramatzate eta, mailari eutsiz gero, denborarik luzeena emango dute Lehen Mailan.

Dortmundeko finala

2001. urtea garrantzitsua da arabarren historian. Orduan jokatu zuten UEFAko finala Dortmunden Liverpoolen aurka. Talde hartan zeuden, esaterako, Martín Astudillo, Javi Moreno, Pablo Gómez, Antonio Karmona, Oscar Téllez edo Jordi Cruyff jokalariak. Ezustean iritsi ziren finalera, Europan denboraldi bikaina eginda, baina azkenean Liverpool gailendu zitzaien 5-4, Delfin Gelik luzapenean bere atean sartutako urrezko golaren ondorioz.

Egun gogoangarria izan zen, 10.000 zaleren babesa izan baitzuten Alemanian.

Aulkian, entrenatzaile lanetan, Jose Manuel Esnal "Mané" zegoen, Alavesen aulkian partida gehien egin dituen entrenatzailea, 280 guztira. Talde arabarra eredu izan zen Europa mailan, egindako jokoagatik eta erakutsitako adorea eta umiltasunagatik.

Pitermanen urte ilunak

Baina garai ilunak ere izan dira Alavesen. Dimitri Piterman ukrainiarrak akzio gehienak erosi zituen 2004. urtean, taldea Bigarren Mailan zegoela, eta hortik aurrera mila arazo sortu ziren.

Hiru urte luze eta gogor izan ziren, eta Alaves Bigarren B mailara ere jaitsi zen. Gasteizko enpresariek taldea biziberritzen saiatu ziren, fruiturik gabe, eta soluzioa urrun zegoela zirudien Baskonia Taldea iritsi zen arte. Orduan klubaren barne-egoerak hobera egin zuen nabarmen eta horrek eragin zuzena izan zuen kirol emaitzetan.

Garai berria

Josean Querejeta buru duen talde kudeatzaileak egindako lanak Lehen Mailara igo zuen taldea bost urtetan, eta lehen urtean Errege Kopako finalera ere iritsi ziren, Mauricio Pellegrino entrenatzailearen eskutik. Pellegrinok igoera gauzatu zuen Jose Bordalasen lekua hartu zuen Lehen Mailan.

Une horretan, Victor Laguardia eta Fernando Pacheco jokalariak lehen urratsak eman zituzten taldean. Hain zuzen, Pacheco Alavesekin Lehen Mailan partida gehien jokatu dituen jokalaria izango da gaurtik aurrera.

Zaleak, eredugarri

Klubak urratsak ematen jarraitzen du eta zale kopuru handia biltzea lortu du. Mendizorrotzako harmailak betetzen dituzten jarraitzaileek taldeari ematen dioten babesa eta sortzen duten giro beroa inbidiaz ikusten dute Laligako goi-mailako talde askok.

Hala ere, eta pandemiaren ondorioz, zaleek ezin izango dute ospakizunetan egon, baina Alaveseko arduradunak ziur dira, urrutitik bada ere, jarraitzaileen beroa eta elkartasuna oso gertutik sentituko dutela.