Itxi

Alaves

29. jardunaldia

Alavesek hondoa jo du, etxean Celtarekin galduta (1-3)

L.E.A. | EITRB MEDIA

Arabarrak sailkapeneko azken postuan dira, lehen 20 minutuetan hiru gol hartu ostean. Etxekoen gol bakarra Lejeunek egin du, 86. minutuan.

0
Alaves – Celta

Alavesek 1 eta 3 galdu etxean, Mendizorrotzan, Celtaren aurka, LaLigako 29. Jardunaldiko partidan, eta, ondorioz, arabarrak sailkapeneko azken postuan dira. Abelardoren taldeak huts mordoa egin ditu, eta horri esker Celtak hiru gol egin dizkio lehen 20 minutuetan. Manuel Agudo “Nolito”, Iago Aspas eta Santi Mina jokalariek ondo baino hobeto aprobetxatu dituzte arabarren opariak.

Vigoko taldea, gainera, jokalari bat gutxiagorekin aritu da bigarren zati ia osoan, epaileak 54. minutuan bigarren txartel horia atera diolako Murillori, baina Alaves ez da gai izan egoera hori aprobetxatzeko. Taldeak zazpi jardunaldi daramatza neurketarik irabazi gabe, eta sailkapeneko azken postuan da orain.

Partida osoan egindako hutsek eta sendotasun faltak kalte handia egin die gasteiztarrei, eta lehen zatian partida oso aldapan gora jarri zaie. Celtak eraginkortasuna eta abiadura erakutsi du erasoan, eta horregatik aurreratu dira hain erraz markagailuan.

Bigarren zatiaren hasieran, galiziarrak hamar jokalarirekin geratu dira epaileak Jeison Murillori bigarren txartel horia atera dionean, baina jokalari bat gehiagorekin egonda ere, Alavesek ez du egoera konpondu. Florian Lejeunek egin du arabarren gol bakarra azken minutuetan, baina berandu izan da.

Azkenean, 1-3 Celtaren alde, eta Alaves sailkapeneko zuloan da.

 

Fitxa teknikoa

1 - Alaves: Pacheco; Ximo Navarro, Lejeune, Laguardia, Duarte (Javi Lopez, 35. min); Pellistri (Cordoba, 69. min), Battaglia, Pina (Sainz, 56. min), Jota, Rioja (Edgar, 35. min); eta Joselu.

3 - Celta: Ivan Villar, Hugo Mallo, Murillo, Araujo, Aarón Martin; Tapia, Brais Mendez, Denis Suarez (Kevin, 80. min), Nolito (Fran Beltran, 56. min); Iago Aspas (Ferreyra, 87. min) eta Santi Mina (Fontan, 56. min).

Golak: 0-1, 8. min: Nolito. 0-2, 15. min: Iago Aspas. 0-3, 20. min: Santi Mina. 1-3, 86. min: Lejeune.