Athletic Club
Superkopa
Bartzelona-Athletic Superkopako finalerdia urtarrilaren 7an jokatuko dute, 20:00etan, Jiddan
EITB
Txapelketako finala urtarrilaren 11n izango da, 20:00etan, Saudi Arabiako hiriko Alinma Stadium futbol zelaian ere. Bigarren finalerdia, Atletico Madril-Real Madril, urtarrilaren 8rako dago aurreikusita.
-
Mikel Jauregizar eta Pedri, 2024-2025eko Ligako Athletic-Bartzelona partidan (Europa Press).
2025-2026 denboraldiko Espainiako Superkopako Bartzelona-Athletic finalerdia 2026ko urtarrilaren 7an jokatuko dute, asteazkenez, Euskal Herriko 20:00etan, Saudi Arabian, Jiddan, Alinma Stadium futbol zelaian, asteartean Espainiako Futbol Federazioak iragarri duenez. Txapelketako finala urtarrilaren 11n izango da, 20:00etan, zelai horretan ere, eta bertan arituko dira nor baino nor gehiago Bartzelona-Athletic finalerdiko irabazlea eta Atletico Madril-Real Madril bigarren finalerdian garaile irtengo den taldea; azken hori urtarrilaren 8rako dago aurreikusita, 20:00etan hasita.
Espainiako hurrengo Superkopan, beraz, Bartzelona, Real Madril, Atletico Madril eta Athletic izango dira. Lau talde horiek, hain zuzen, 2024-2025 denboraldiko EA Sports Ligako lehen lau sailkatuak izan ziren; Errege Kopatik, ordea, ez da talderik sailkatu, txapelketa horretako finala Bartzelonak eta Real Madrilek jokatu baitzuten, alegia, Superkoparako txartela Ligan lortu zuten bi taldek.
Hartara, Athleticen helburua izango da Superkopa laugarrenez irabaztea; izan ere, 1984an, 2015ean eta 2021ean ere eskuratu zuen titulu hori.

