Itxi

Athletic Club

Txapeldunen Liga

Athleticek galdu egin du Newcastleren aurka St James' Parken, falta ziren jokalarien hutsunea sumatu da (2-0)

EITB Media

Zuri-gorriak defentsan eta geldikako jokaldietan egindako hanka-sartzeek eraman dituzte zulora. Horrela, defentsan egindako bi akatsek talde zuri-gorria punturik gabe utzi dute. Dan Burnek eta Joelintonek buruz sartu dituzte bi golak.

  • Burnen burukada bikaina, Newcastlek sartutako lehen golean. Argazkia: EFE

    Burnen burukada bikaina, Newcastlek sartutako lehen golean. Argazkia: EFE

Athleticek, baja ugarirekin, 2-0 galdu du gaur Newcastle Uniteden aurka Txapeldunen Ligako ligaxkako 4. jardunaldian, zuri-gorriek defentsan eta geldikako jokaldietan egindako hanka-sartzeen ondorioz. Dan Burnek eta Joelintonek buruz sartu dituzte bi golak.

Defentsan egindako bi akatsek talde zuri-gorria saririk gabe utzi dute St James' Park futbol-zelaian. Ernesto Valverderen taldeak hiru puntu ditu, Txapeldunen Ligako lehen lau jardunaldietan Qarabagi irabazi baitio soilik, eta hobekuntza nabarmena beharko du azken jardunaldietan, sailkatzea lortu nahi baldin badu.

Dan Burnek buruz sartutako gol batek eta Unai Gomezek eta Adamak zutoinera egindako bi jaurtiketek lehen zatia markatu dute.

Burnek egin du lehen 45 minutuetako gol bakarra, albotik botatako falta batean. Robert Navarrok ez du jarraitu, eta bakar-bakarrik utzi du erasotzaile ingelesa, errematerako prest. Horrek erremate paregabea egin du, buruz.

Ondoren, Ernesto Valverderen taldeak berdinketa lortzeko bi abagune izan ditu Unai Gomezen eta Adamaren jaurtiketetan. Azken horren jaurtiketa aparta izan da, hegaleko zuri-gorriak gogor astindu du baloia areaz kanpotik eta zuzenean zutoinera joan da, atera joan izan balitz, atezainak ezer gutxi egin ahal izango zukeen.

Atsedenaldiaren ostean, Joelintonek 2-0ekoa egin du bigarren zatia hasi eta berehala, area txikian egindako burukada batekin.

Ingalaterrako taldearen 11 zenbakia ezker aldetik sartu da area barruan, Athleticeko atzelariek ia tentsiorik gabe defendatu dute jokaldia. Zuri-gorriek hobera egin dute Valverdek hamaikakoa aldatu duenean, eta Eddie Howek zuzentzen duen taldearen intentsitatea ere jaitsi da.

Talde zuri-gorriak ere aurpegi berriak atera ditu berdegunera, eta horietako batek, Nico Serranok, protagonismoa bereganatu du bi ezkerkada eder eginda. Lehenengoa 73.ean izan da, urrutitik, eta bigarrena, 87.ean, etxekoen area barruan. Biak Pope atezainak gelditu ditu.

Fitxa teknikoa

-Hamaikakoak:

Newcastle: Pope; Trippier, Thiaw, Botman, Burn (Hall, 65.min); Bruno Guimarães (Miley, 65.min), Tonali, Joelinton; Gordon (Murphy, 41.min), Barnes (Elanga, 65.min) eta Woltemade (Ramsey, 83.min).

Athletic: Unai Simon; Areso (Gorosabel, 78.min), Vivian, Paredes, Adama; Jauregizar (Selton, 70.min), Rego (Ruiz de Galarreta, 81.min); Berenguer, Navarro (Serrano, 70.min), Vesga; eta Unai Gomez (Hierro, 78.min).

-Golak: 1-0, 11.min: Burn. 2-0, 49.min: Joelinton.

-Epailea: Ivan Kruzliak eslovakiarra. Paredesi (57.min) eta Aresori (69.min) txartel horia atera die.