Itxi

Athletic Club

Ezustean

Yeray Athleticeko jokalariari tumore bat antzeman diote barrabiletan

eitb.eus

21 urte atzelariari ebakuntza egingo diote datorren astean. Gaixotasunaren berri, Josu Urrutia presidenateak eta Josean Lekue Osasun zerbitzuetako arduradun nagusiak eman dute prentsaurreko batean.

2:49

Yeray Alvarez Athleticeko jokalariari tumore bat antzeman diote barrabiletan eta ebakuntza egingo diote datorren astean, Josu Urrutia presidenteak eta Josean Lekue Osasun zerbitzuetako arduradun nagusiak prentsaurrekoan aditzera emandakoaren arabera.

Urrutiak azpimarratu egin du 21 urteko jokalariak albistearen aurrean agertu duen "lasaitasuna, heldutasuna eta baikortasuna". Gainera, klub osoaren babesa duela adierazi du Urrutiak.

Josean Lekue talde zuri-gorriko medikuak azaldu duenez, "duela egun batzuk" jokalariak mina sentitu zuen eskuineko barrabilean eta ostegunean egindako proben emaitzek kezka sortu zuten.

Ostiral goizean azterketa gehiago egin dizkiote eta proba horiek tumorea daukala baieztatu dute. "Eskuineko testikuluan kendu beharreko tumorea du. Gaixotasunaren eboluzioa ebakuntzan aurkitzen dugunaren araberakoa izango da", gaineratu du Lekuek.

Medikuak aurreratu duenez, "lehen iritzien arabera, baikorrak izan gaitezke, neurri batean", batez ere, Barakaldoko Gurutzetako Ospitaleko Urologia zerbitzuko espezialistekin hitz egin ondoren.

"Zerbitzu horretan esperientzia zabala dute horrelako gaixotasunekin, eta Yeray bezalako pertsona gazte eta osasuntsuekin, horregatik baikor gaude. Yeray ondo dago, eta albistea onartzeko prozesuan da, familia ondoan duela", esan du bilbotarren Osasun zerbitzuko arduradunak.

Jokalaria "indartsu eta lasai" dago

Urrutiak, berriz, Yerayrekin hitz egin duela eta atzelaria "indartsu eta lasai" ikusi duela azpimarratu du.

"Bera baikor da, baita gu ere. Bakarrik ez dagoela esan diot, hau guztia denon artean gaindituko dugula, eta indartsu eta lasai jarraitzeko eskatu diot".

 

 

t="utf-8">