Itxi

Athletic Club

Lezamara buelta

Athletic lanera itzuli da, internazionalik gabe eta De Marcos lesionatuta

Agentziak | Erredakzioa

Hegaleko jokalariak ezkerreko orkatila bihurritu zuen Getaferen aurkako norgehiagokan, eta, itxura denez, ez da oraindik talde katalanaren aurka jokatzeko prest egongo.

  • Athleticeko jokalariak, Lezaman egindako aurreko entrenamendu batean. Artxiboko argazkia: EFE

    Athleticeko jokalariak, Lezaman egindako aurreko entrenamendu batean. Artxiboko argazkia: EFE

Athleticeko jokalariak lanera itzuli dira astelehen honetan, igandean Gironaren aurka jokatu behar duten partida prestatzen hasteko. Kepa Arrizabalaga eta Unai Nuñez internazionalak ez dira bertan izan, Oscar de Marcos ere, min hartuta baitago.

Hegaleko jokalariak ezkerreko orkatila bihurritu zuen Getaferen aurkako norgehiagokan, eta, itxura denez, ez da oraindik talde katalanaren aurka jokatzeko prest egongo.

'Kuko' Zigandak 22 jokalari izan ditu bere aginduetara asteko lehen saioan; hau da, jokatzeko moduan dauden lehen taldeko guztiak eta Hodei Oleaga bigarren taldeko atezaina. Oleaga lantaldeko parte izateko deitu dute, Kepa Espainiako lehen taldearekin baitago eta Unai Simon 21 urtez azpikoarekin.

Hasiera batean, ordu erdiko saioa egin dute pabiloi barruan, eta ondoren ia ordubetez zuzendu ditu Zigandak bere jokalariak Lezamako kanpoko eremuetan. Bertan, normaltasunez jardun dira, baita Beñat Etxebarria eta Ander Iturraspe ere.

Eguneko sustoa Iago Herrerinek eman du, bi baloikada jaso baititu oso denbora gutxian, eta osasun zerbitzuen arreta jaso behar izan du.

Dena den, atezainak normal bukatu du entrenamendu-saioa.

Talde zuri-gorria astearte goizean entrenatuko da berriro, 10:30ean, eta zirkura egingo du bisita, ohikoa duenez.