Itxi

Athletic Club

Euskal derbia

Athleticek 38 derbi irabazi ditu San Mamesen eta Realak 13 garaipen lortu ditu

Erredakzioa

Katedralean 70 euskal derbi jokatu dituzte bi talde hauek. Zuri-gorriek 38 aldiz irabazi dute, txuri-urdinek 13 garaipen lortu dituzte, eta berdinduta amaitu dira 19 neurketa.

  • Athletic-Reala. Argazkia: EFE

    Iragan denboraldiko Athletic-Reala derbiko irudia. Argazkia: EFE

Athleticek eta Realak euskal derbia jokatuko dute datorren larunbatean San Mamesen, 16:15ean. Bi taldeek Katedralean elkarren aurka jokatuko duten 71. aldia izango da. Iragan denboraldian jokatu ziren bi derbiak Athleticek irabazi zituen.

2016-2017. denboraldiko San Mameseko derbian Athleticek irabazi egin zuen 3-2ko emaitzarekin. Bost hilabete beranduago, zuri-gorriek garaipena lortu zuten Anoetan, 0-2ko emaitzarekin.

Iaz Bilbon jokatu zen derbia irabazita, Athleticek eten egin zuen Realaren aurka zeraman blada txarra; talde zuri-gorriak zortzi derbi zeramatzan jarraian txuri-urdinei irabazi gabe. 2012 eta 2016 urteen artean, Realak lau garaipen eta lau berdinketa eskuratu zituen Athleticen aurka. Epe horretan Realak bi garaipen erdietsi zituen San Mamesen: 2012-2013. denboraldian 1-3 irabazi zuen (Ibai/Griezmann, Agirretxe, Vela), eta 2015-2016. denboraldian 0-1 gailendu zen (Jonathas). Birritan berdindu egin zuen Realak: 2013-2014. denboraldian bana (Muniain/Agirretxe) eta 2015-2016. denboraldian ere bana (Aduriz, penaltiz/De la Bella). Lau denboraldi horietan Anoetan ere bi garaipen eta bi berdinketa lortu zituen talde txuri-urdinak: 2-0eko emaitzarekin lortu zituen bi garaipenak Realak 2012-2013. denboraldian (Griezmann eta Vela, penaltiz) eta 2013-2014. denboraldian (Griezmann eta Ruben Pardo). 2014-2015. denboraldian bana (1-1) berdinduta amaitu zen derbia (Vela/De Marcos) eta 2015-2016. denboraldian golik gabeko (0-0) berdinketarekin.

Guztira, 70 euskal derbi jokatu dituzte Athleticek eta Realak San Mamesen: Athleticek 38 partida irabazi ditu, Realak 13 aldiz lortu du garaipena, eta berdinduta amaitu da 19 aldiz. Zuri-gorriek 142 gol sartu dituzte eta txuri-urdinek 75 gol.