Itxi

Athletic Club

Prentsaurrekoa

Kepa: 'Ez naiz Athleticetik kanpo ikusi, ez naizelako inoiz klubetik kanpo egon'

Erredakzioa

Athleticeko atezainak kontratua berritu zuen astelehenean eta bere kontratu-berritzearen prozesuari buruzko azalpenak eman ditu Lezamako prentsa-aretoan.

Kepa Arrizabalagak 2025era arte berritu zuen kontratua Athleticekin astelehenean eta astearte honetan bere kontratu-berritzearen prozesuari buruzko azalpenak eskaini ditu Lezamako prentsa-aretoan.

"Ez naiz Athleticetik kanpo ikusi, ez naizelako inoiz klubetik kanpo egon", esan du Kepak. Gainera, azpimarratu du ez zuela Real Madrilekin osasun-azterketarik pasa. Real Madrilekin ez zuela inoako aurre-akordiorik lotu ere adierazi du.

"Nik ustez egindako eta esandako gauza asko publikatu dira, baina hartu dudan erabaki bakarra Athleticen jarraitzea izan da. Oso pozik nago kontratua berritu dudalako. Egia da negozioazio-prozesua luzea izan dela, bi aldeek nahi genuen baino luzeagoa, eta nahasmena sortu dela gai honen inguruan. Ezberdina izan da beste negoziazio batzuekin alderatuta, baina nahi baino gehiago luzatu da", azaldu du Ondarroako atezainak.

Arrizabalagak beste talde batzuen eskaintzak izan dituela onartu du, eta erabakia berak nahi izan duenean hartu duela baieztatu du: "Denbora hartu dut gauzak ondo pentsatzeko. Askok ez dute nire jarrera ulertuko, baina erabakia nik nahi izan dudanean hartu dut. Beste talde batzuen eskaintzak izan ditut, baina ez dut esango zein talde izan diren".

Zinedine Zidane Real Madrileko entrentzaileak sarritan errepikatu du ez duela inor fitxatu nahi neguko merkatuan. Zidanen hitzek eragina izan duten galdetu diote Kepari eta atezainak hauxe erantzun du: "Zidaneren adierazpenek ez zuten nire erabakia aldatu, ez baineukan ezer erabakita".

Iribarrekin hitz egin duela baieztatu du Kepa Arrizabalagak eta zarauztarrarekin izandako hitzak asko eskertzen dituela esan du. Bestalde, ezeztatu egin du Josu Urrutia presidentearekin eztabaida izan zuela: "Ez dut presidentearekin eztabaidarik izan".

Azkenik, bere ordezkari-agentziarekin jarraituko duela gaineratu du: "Ez dut inolako arazorik nire ordezkari-agentziarekin. Eurek ez dute erabakirik hartu, azken erabakia nik hartu dut".

 

dut".

 

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Athletic