Athletic Club
Gaitzespena
Josu Urrutia: 'Athleticek dagozkion neurriak hartuko ditu'
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Athleticeko presidenteak baieztatu duenez, klubeko bazkideren bat Spartaken kontrako istiluetan nahasita egon zela egiaztatzen bada, klubak dituen diziplina organoak erabiliko ditu.
-
Josu Urrutia eta Jose Angel Iribar, Bilboko Udalean egindako elkarretaratzen. Argazkia: EFE
Josu Urrutia Athleticeko presidentearen esanetan, talde zuri-gorriak "ondo irabazitako irudia dauka orain arte izan duen jarrerarekin", eta, hartara, "klubeko bazkideren batek egokia izan ez den jarrera izan duela baieztatuz gero, dagozkion neurriak hartuko ditugu".
Hala azaldu da talde bilbotarraren presidentea ostiral honetan, istiluak gaitzesteko asmoz Bilboko Udalak antolatutako elkarretaratzean parte hartu ostean.
Urrutiak, klubaren izenean, "gertatutakoa gaitzetsi" du, eta doluminak helarazi dizkie Athletic-Spartak partidako segurtasun dispositiboan parte hartzen ari zen "hildako ertzainaren familia, lagun eta lankideei"
Adierazi duenez, "Athletic ez da konpartimentu estankoa, Bilbo eta Bizkaia barruan dago", eta "erakundeekin batera lanean ari gara konponbiderik onena aurkitzeko bidean", gaineratu du.
"Athleticek, klub gisa, erakunde gisa, nolabait, ondo irabazitako irudia dauka orain arte izan duen jarrerarekin, baina garbi dago "klubeko bazkideren batek egokia izan ez den jarrera izan duela baieztatuz gero, eta hala jakinarazten badigute, dagozkion neurriak hartuko ditugu", baieztatu du.