Athletic Club
LARUNBATEAN, 20:45EAN
Athletic eta Deportivo, euren azken aukeren bila
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Zigandak aurreratu duenez, ez du Muniain hasierako hamaikakoan sartuko oraindik, aurreko jardunaldian zelaietara itzuli arren.
Athleticek eta Deportivok denboraldi amaiera honetarako zehaztutako helburuak erdiesteko dituzten azken aukerak aprobetxatu nahi dituzte larunbat honetan, San Mamesen; hots, Europarako sailkapena lortzea bilbotarren kasuan, eta mailari eustea, galiziarrenean.
Batak zein besteak zortzi puntura dituzte euren asmoak beteko lituzketen postuak, jokoan 21 puntu besterik ez daudenean. Dena dela, biek animo berrituekin ekingo diote partidari aurreko jardunaldian eskuratutako garaipenei esker.
Zuri-gorriak sendotasunez aritu ziren eta joko ona erakutsi zuten Vila-realen etxean (1-3). Era berean, Deportivok irabazi egin zion etxean Malagari (3-2), hamabost jardunaldi garaipenik erdietsi gabe igaro ostean (Lehen Mailan inoiz izan duten boladarik kaskarrena).
Athleticen aldetik, 'Kuko' Ziganda entrenatzaileak ezin izango ditu txartelengatik zigortuta dauden Ande Iturraspe eta Unai Nuñez. Atzelariaren ordez, Yeray Alvarezek joka dezake, azken hiru asteak zelaietatik kanpo egotera behartu duen lesioa gaindituz gero. Hala izan ezean, Etxeitak hartuko luke Nuñez ordezkatzeko ardura.
Iturrasperen ordez, berriz, litekeena da Beñat Etxebarria aritzea, nahiz eta Mikel Ricok ere bere aukerak izan ditzakeen San Joserekin batera zelai erdian jarduteko.
Gainerakoan, ez da espero Zigandak aldaketa gehiago egiterik, ondo dagoenarekin jarraitzeko zalea baita Larraintzarrekoa. Hartara, itxura guztien arabera, Williamsek aurrelari gisa errepikatuko du hasieratik, Adurizen lekua hartuta.
Bigarren zatiari itxaron beharko dion beste bat Iker Muniain izango da, Zigandak partida aurreko prentsaurrekoan hala baieztatu duenez: "Ikerrek ez du oraindik hasieratik jokatuko".
Galiziako taldeari dagokionez, Clarence Seedorfek taldea zuzentzeari ekin dionetik Deportivok ez du golik sartu etxetik kanpo (lau norgehiagoka). Dena dela, bisitari gisa dituzten arazoak aurretikoak dira, lehia bakarra irabazi baitu Riazorretik urrun (1-2 Las Palmasen aurka, urriaren 30ean).
Deporren entrenatzaileak ere aldaketak egin beharko ditu bere hasierako hamaikakoan, baja izango baitira Guilherme dos Santos brasildarra, txartelengatik eta Sulley Muntari ghanatarra, lesioagatik.
Lehenegoaren lekua Michael Krohn-Dehlik hartuko du, eta bigarrenaren lekuan, berriz, Celso Borges arituko da, zantzu guztien arabera.
Balizko hamaikakoak:
Athletic: Kepa; De Marcos, Yeray, Iñigo Martínez, Balenziaga; Susaeta, San José, Beñat, Córdoba; Raúl García eta Aduriz.
Deportivo: Rubén Martínez; Juanfran, Albentosa, Sidnei, Luisinho; Borges, Mosquera, Krohn-Dehli; Çolak, Adrián López; y Lucas Pérez.
Epailea: González González.
Futbol-zelaia: San Mames.
Ordua: 20:45.