Itxi

Athletic Club

HAUTESKUNDEAK

Aitor Elizegik ez du Athleticeko presidente izateko hautagaitzarik aurkeztuko

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Adierazi duenez, indarrean dagoen Kirolaren Legeak ezinezkoa egiten du 'hautagaitza sendo bat aurkeztea'.

  • Aitor Elizegiren argazkia

    Aitor Elizegi

Aitor Elizegi sukaldariak ohar baten bidez jakinarazi duenez, uko egin dio Athleticeko presidente izateko hautagaitza aurkezteari. Enpresaburu bizkaitarraren esanetan, "egun indarrean dagoen kirolari buruzko legetik eratortzen den arau-esparruak kaudimendun proiektu eta hautagaitza sendo bat, Klubak eskatzen duen mailakoa, aurkeztea galarazten digu".

Nahiz eta aurreko egunetan zabaldutako zenbait berriren arabera jakin ahal izan den Elizegi Athleticeko hauteskundeetan parte hartzeko lanetan zebilela, azkenerako sukaldari bilbotarrak bertan behera utzi du bere hasierako asmo hori.

Elizegik adierazi duenez, hainbat hilabete zeramatzaten lanean berak eta bere lankideek aurrera eraman nahi zuten "proiektua lantzen eta bere bideragarritasuna sakonki aztertzen".

Alabaina, behin hausnarketa prozesu hori beteta, Elizegik aditzera eman du euren aburuz ez direla betetzen "ziurtasunak eskatzen dituen misio bati aurre egiteko beharrezko baldintzak".

Horren guztiaren azpian dauden arrazoiak dira Kirolaren Legeak sozietate anonimoak ez diren klubei (Athletic, kasu) eskatzen dizkien baldintzak. Hau da, Elizegik bere oharrean aipatzen ez duen arren, hauteskundeetatik aterako litzatekeen balizko zuzendaritza berriak 19 milioi euroko abala aurkeztu beharko luke.

Horrenbestez, hauteskundeak egin daitezen hilabete besterik falta ez denean, oraindik inork ez du plazaratu klub zuri-gorria zuzentzeko hautagaitza ofizialik. Hori egiteko epea gaur hasi da, azaroaren 28an, eta abenduaren 7ra arte luzatuko da.

Hautagaitzarik ez balego, egun jardunean dagoen kudeaketa batzordeak jarraituko luke, behin-behinean, klubaren buru. Hain zuzen ere, aipatu batzorde horretako parte da Josu Urrutia orain arteko presidentea.