Itxi

Athletic Club

KARGUBATETUA

Garitano, XXI. mendean Athleticek kargutik kendu duen bosgarren teknikaria

A. A. | EITB MEDIA

Deriotarraren aurretik Mendilibar, Clemente, Sarriugarte eta Berizzok utzi zioten Bilboko taldea entrenatzeari.

  • Gaizka Garitano, Athleticen entrenatzaile gisa zuzendutako neurketa batean.

    Gaizka Garitano, Athleticen entrenatzaile gisa zuzendutako neurketa batean. Argazkia: EFE

Gaizka Garitanok Athleticeko entrenatzaile izateari utzi dio igande honetan, Elxi San Mamesen 1-0 irabazi ostean. Hartara, XXI. mendea hasi zenetik, talde zuri-gorriak  kargutik kendu duen bosgarren teknikaria bihurtu da deriotarra.

Lehendabizikoa Jose Luis Mendilibar izan zen. 2005-2006 denboraldiko hamargarren jardunaldian gertatu zen hori, eta haren ordez Javier Clemente jarri zuten.

Hurrengo denboraldian, 2006-2007an, Felix Sarriugartek hartu zuen Clementeren lekua denboraldi-aurrean. Alabaina, hilabete gutxi batzuk geroago, aurrelari zuri-gorri ohiak bere lanpostua utzi behar izan zuen, San Mamesen Sevillaren aurka galdu eta gero.

Jose Manuel Esnal 'Manek' hartu zuen Bilboko taldea zuzentzeko ardura denboraldi horren amaierara arte. Orduko hartan, zuri-gorriek denboraldiko azken jardunaldira arte itxaron behar izan zuten mailari eustea lortzeko, Levanteren aurka lortutako garaipenarekin. Neurketa horrek amaiera eman zion athleticzaleen artean "Biurteko beltza" ezizenez ezagutzen den sasoiari.

Eduardo Berizzo izan zen, gaur arte, Athleticek bere arduretatik baztertu zuen azken entrenatzailea. Duela bi urte pasatxo gertatu zen hori, zuri-gorriek Levanteren zelaian 3-0 galdu ondoren. Porrot horrekin itxi zen argentinarraren 14 partidako ibilbide laburra Bilbon, eta, bide batez, Gaizka Garitanoren aldia hasi zen.

Derioko entrenatzaileak 90 aldiz zuzendu du Athletic (Ligako 79 partida eta Errege Kopako 11). Tarte horretan, 38 neurketa irabazi ditu, 29 galdu eta 23 berdinketa batu ditu.

XXI. MENDEAN ATHLETICEK KARGUGABETU DITUEN ENTRENATZAILEAK
       
Denboraldia
Entrenatzailea Ordezkoa Presidentea
       
 2005-2006  Mendilibar (10. jardunaldia) Clemente Lamikiz
       
 2006-2007  Clemente (denboraldi-aurrea) Sarriugarte Lamikiz
       
 2006-2007 Sarriugarte (12. jardunaldia) Mané Ane Urquijo
       
2018-2019 Berizzo (14. jardunaldia) Garitano Urrutia
       
2020-2021 Garitano (17. jardunaldia) ¿? Elizegi