Itxi

Athletic Club

4 partidako zigorra

Iñigo Martinezi jokatzeko premiazko neurri kautelarra ukatu diote

EITB MEDIA

Kirolaren Administrazio Auzitegiak (TAD) ez du onartu Athleticek goizean aurkeztutako eskaera eta, ondorioz, jokalariak ez du Levanteren aurka jokatuko.

  • Iñigo Martinez eta Sergio Leon, liskarrean

    Iñigo Martinez eta Sergio Leon, liskarrean. Argazkia: EFE

Kirolaren Administrazio Auzitegiak ez du onartu Athleticek Iñigo Martinezen kasuan ostegun goizean eskatutako premiazko neurri kautelarra. 

20:15ak aldera (partida 21:00etan hasiko da), Athleticek berak eman du erabakiaren berri: "TAD Kirolaren Administrazio Auzitegiaren erabakia duela minutu gutxi batzuk jaso dugu etam horren arabera, Iñigo Martinezen kasua eskatutako kautelarra atzera bota dute. Ondorioz, jokalariak ezin izango du Levanteren aurkako finalerdietako itzuliko partida jokatu".

Atzo, asteazkena, Athleticek helegitea aurkeztu zuen Iñigo Martinezi lau partidako zigorra ezarri zion Lehiaketa Batzordearen ebazpenaren aurka eta horrez gain, zigor hori kautelaz bertan behera uzteko eskatu zuen, klub zuri-gorriak ohar baten bide jakitera eman zuenez. Ondoren, premiazko kautelarra eskatu dute, eta hori ere ukatu egin diote.Horrela, jokalariak ez du Levanteren kontra jokatuko.

4 partidako zigorra

Espainiako Futbol Federazioaren (FEF) Lehiaketa Batzordeak lau partidarekin zigortu zuen asteazkenean Ondarroako atzelaria, Levanteren aurkako Ligako neurketaren partidaren amaieran (1-1) Sergio Leonen aurka egindako ekintza erasoa egotzita.

Hiru partida baino gehiagoko zigorra denez, zigorra edozein lehiaketatan bete behar da; aldiz, hiru partida edo gutxiagoko zigorra izan balitz txartel gorria ikusi zuen lehiaketan bertan bete beharko zukeen zigorra, hau da, kasu honetan Liga Txapelketan.

Espainiako Futbol Federazioak jakinarazi duenez, batzordeak lau partida ezarri dizkio Martinezi "eraso egiteagatik", diziplina araudiaren 98.1 artikulua aplikatuz.

Ligako 25. jardunaldiko partidako epailearen aktak jaso zuenez, "Iñigo Martinez Athleticeko jokalariak eskua aurpegian jarri dio aurkari bati (Sergio Leon), gehiegizko indarra erabilita".

"Gertaera hori aldageletako tunelean jakinarazi zitzaien bi taldeetako ordezkariei, jokalariak dagoeneko zelaitik kanpo baitzeuden", gaineratu zuen Isidro Diaz de Mera epaileak.

Marcelino Garcia Toral Athleticeko entrenatzailearen esanetan, Lehiaketa Batzordearen erabakiak "harridura" sortu du klubean, eta "bidegabea" dela uste du; izan ere, egon diren "aurrekari batzuetan" zigorra "ez da hain larria izan".