Itxi

Athletic Club

HERIOTZA

Txetxu Rojo hil da, Athletic Clubeko jokalari historikoa

A. A. | EITB MEDIA

17 denboraldi egin zituen zuri-gorri gisa, eta 541 aldiz jantzi zuen Athleticen elastikoa. Era berean, ibilbide zabala egin zuen Lehen eta Bigarren Mailako hainbat aulkitan.

1:49
Txatxu Rojo

Jose Francisco Rojo Arroita, Txetxu Rojo (Bilbo, 1947) izenarekin ezagunagoa, 2022ko abenduaren 23 honetan hil da, 75 urte zituela.

Athleticeko jokalari ohi historikoak 17 denboraldiz defendatu zuen elastiko zuri-gorria, 1965ean, 18 urterekin, lehen taldearekin debuta egin zuenetik 1982an erretiroa hartu zuen arte.

Guztira, 541 partida ofizial jokatu zituen lehoiekin, eta horrek sailkapen horretako bigarren tokian kokatzen du bilbotarren historian, Jose Angel Iribarren ondoren (614).

Athleticeko jokalari gisa egindako ibilbidean, besteak beste, 68 gol sartu eta 1968-69 eta 1972-73 denboraldietako Errege Kopako garaikurrak bereganatu zituen. Horrez gain, UEFA Txapelketa irabazteko atarian geratu zen 1976-77 denboraldian Juventusen aurka galdutako finalean, hain zuzen ere.

Entrenatzaile gisa ere arrastoa utzi zuen, bai Athleticen, bai Athleticetik kanpo. Izan ere, bi etapatan zuzendu zuen Bilboko taldea (1989-1990 eta 2000-2001), baina ez bakarrik San Mamesen, baita Lehen eta Bigarren mailako beste hainbat aulkitan ere. Horren lekuko dira Celtan (1991-1994), Osasunan (1994-1995), Lleidan (1996-1997), Salamancan (1997-1998), Zaragozan (1998-2000 eta 2001-2002) eta Rayo Vallecanon (2004) egindako lanak.