Athletic Club
Maiatzaren 4an, San Mamesen
Mati Martinezek jasoko du Athleticen 'One Club Woman' saria
EITB Media
Fundacion Albaceteko jokalari ohiak maiatzaren 4an jasoko du saria Santander Ligako Athleticen eta Betisen arteko neurketako atsedenaldian. Martinezek 20 urte baino gehiago eman zituen Albacete taldean.
-
Mati Martinez, Fundacion Albaceteko jokalari ohia. Argazkia: @AthleticClubFem
Matilde 'Mati' Martinez jokalari ohiak jasoko du Athleticen 'One Club Woman' saria, Bilboko klubak ostiral honetan, apirilaren 28an, jakinarazi duenez. Sari honen bidez, Athleticek Martinezek Fundacion Albaceterekiko izandako fideltasuna eta konpromisoa saritu nahi ditu.
Mati Martinezek 35 urte ditu, eta bi hamarkada baino gehiago eman zituen Fundacion Albaceten. Hala, espainiarra 'One Club Woman' saria bereganatu duten beste hauekin batera agertuko da palmaresean: Malin Möstrom (Umea) suediarra, eta Pia Wunderlich (FFC Frankfurt) eta Jennifer Zietz (FCC Turbine Postdam) alemaniarrak.
Cuencakoak maiatzaren 4an jasoko du saria San Mamesen, gizonezkoen Athleticen eta Betisen arteko partidako atsedenaldian.
"Mati moduko jokalarien ibilbideak emakumezkoen futbolari emandako bultzada azpimarratu nahi dugu, gai izan baitzen futbolarekiko maitasuna eta erizain lanak uztartzeko", adierazi du Athleticek bere webgunean argitaratutako komunikatuan.