Itxi

Athletic Club

38 urterekin

Fernando Llorentek futbola utziko duela konfirmatu du

Agentziak | EITB Media

Llorente Athleticen harrobian hazi zen 11 urterekin eta lehen taldearekin 2005eko urtarrilean debuta egin ostean bederatzi denboraldi jokatu zituen talde bilbotarrean, polemikan murgilduta joan aurretik.

  • Fernando Llorente, Eibarrekin emandako prentsaurreko batean

    Fernando Llorente, Eibarrekin emandako prentsaurreko batean. Irudia: EITB Media.

Fernando Llorentek futbola 38 urterekin utziko duela konfirmatu du, 18 denboraldi profesional gisa aritu ostean. Athletic, Juventus, Sevilla, Swansea, Tottenham, Napoli, Udinese eta Ebar taldeetan aritu da 18 denboraldi horietan.

"Txiki-txikia nintzenetik futbolari izatearekin amets egiten nuen. Eta nork esan behar zidan futbolak eman didan guztia emango zidala!", dio Llorentek bere sare sozialetan gaztelaniaz, italieraz eta ingelesez zabaldutako mezuan, bere goletako batzuk biltzen dituen lau minutuko bideo batekin batera.

Llorente Athleticen harrobian hazi zen 11 urte zituela, eta lehen taldearekin 2005. urtean debuta egin ostean bederatzi denboraldi jokatu zituen lehoi jantzita.

Guztira, 333 partida jokatu eta 112 gol egin zituen, Bilboko taldea modu polemikoen utzi aurretik. Llorentek ez zuen Athleticek kontratua berritzeko egiteko eskaintza onartu eta 2013ko ekainean Bilbotik alde egin zuen Juventus talde italiarrarekin sinatzeko.

Juventusekin bost titulu irabazi zituen bi denboralditan: bi Liga, Kopa bat eta bi Superkopa, eta 2015ean Sevillarekin sinatu zuen. Andaluziarrekin 2016. urteko Europa Liga irabazi zuen.   

Ondoren Premier Leaguera jo zuen, bertan Galeseko Swansea taldean (2016-2017) eta Tottenham Hotspurren (2017-2019) jokatu zuen. Denboraldi horren amaieran Italiara itzuli zen Napoli taldean jokatzeko. Italiarrekin Kopa irabazi zuen. Urte eta erdi geroago, Udineserekin fitxatu zuen.

Azken taldea, Eibar

Llorentek Eibarren jokatu ditu azken partidak profesional gisa, iaz, Bigarren Mailan. Armaginekin 22 neurketa jokatu ditu; azkena, 2022ko ekainaren 15ean, Ipuruan, Gironaren aurka, igoera playoffean. Gutira, bi gol egin ditu talde gipuzkoarrarekin.

Espainiako selekzioari dagokionez, 24 parti da jokatu ditu eta zazpi gol egin ditu. Llorentek Munduko Txapelketa eta Eurokopa irabazi zituen Espainiarekin 2012. urtean.