Itxi

Athletic Club

EA Sports Liga

Athleticek bolada onean jarraitzen du eta Sevilla menderatu du (0-2)

I. G. | EITB MEDIA

Lehoiek partida bikaina egin dute, denbora gehienean nagusi izan dira, eta hiru puntuak eskuratu dituzte Vesga eta Paredesen golei esker.

  • Athleticeko jokalariak gola ospatzen. Argazkia: EFE

    Athleticeko jokalariak gola ospatzen. Argazkia: EFE

Athleticek garaipena lortu du ostegun honetan Sanchez Pizjuanen, Sevillaren aurka jokatutako EA Sports Ligako 19. jardunaldiko partidan (0-2). Lehoiek partida bikaina egin dute, denbora gehienean nagusi izan dira, eta hiru puntuak eskuratu dituzte Vesga eta Paredesen golei esker.

Athleticek oso ondo hasi du partida, abagunez betetako lehen zatiarekin. Berenguer birritan saiatu da urrutitik, arriskurik sortu gabe. Guruzetak eta Nicok ere proban jarri dute Dmitrovic, baina ez dute baloia sarera bidaltzeko modurik aurkitu.

Athleticek lehen zatian izan duen aukerarik argiena 24. minutuan iritsi da. Berenguerrek gidatu du baloia, defentsen artetik lasterka, eta, azken unean, Nicori utzi dio jaurtiketa egin zezan, baina kanpora bota du.

Partida hasi eta ordu erdira iritsi da Athleticen gola Mikel Vesgaren eskutik. Buruz bikain errematatu du Ruiz de Galarretaren erdiraketa euskaldunak aurretik jartzeko (0-1).

Golaren ostean, euskaldunek gehiago nahi izan dute eta presioa goian egiten eta aurkariaren area zelatan jarraitu dute.

Bigarren zatiko lehen minutua ere ez da pasa Athleticek beste gol bat barkatu duenean. Lehenbizi Nicok langara jaurti du baloia, eta ondoren Sanceten aldaratzeak atzelariarekin egin du topo.

Ordu erdi falta zenean Sevilla presio handiagoa egiten hasi da eta bizkaitarrei defentsan aplikatzea egokitu zaie. Unai Simonek geldiketa bikoitza egin behar izan du berdinketa saihesteko.

Baina 76. minutuan Paredes aurkariaren defentsaren artean sartu da, lasaitasunaren gola sartu eta Athleticen garaipena ixteko (0-2).

Fitxa teknikoa:

0 - Sevilla: Dmitrovic; Juanlu (Januzaj, 64. min), Bade (Nianzou, 64. min), Sergio Ramos, Kike Salas, Pedrosa (Marcao, 80. min); Gudelj (Rakitic, 41. min), Sow (Oliver Torres, 64. min), Suso; Ocampos eta Rafa Mir.

2 - Athletic Club: Unai Simon; Lekue, Vivian, Paredes, Yuri; Galarreta (Herrera, 68. min), Vesga (Unai Gomez, 74. min); Nico Williams (Adu Ares, 80. min), Sancet (Prados, 68. min), Berenguer eta Guruzeta (Raul Garcia, 74. min).

Golak: 0-1, 30. min: Vesga. 0-2, 76. min: Paredes.

Epailea: Sanchez Martinez. Txartel horia atera die Sow, Rakitic, Marcao eta Raul Garcia jokalariei.