Itxi

Athletic Club

Erreginaren Kopa

Athleticek Erreginaren Kopa eskuratzeko bidean urrats bat gehiago eman du, Madril 1-0 garaituta

I. R. | EITB MEDIA

Bilboko taldeak Madril CFF garaitu du San Mamesen, Erreginaren Kopako final-zortzirenetan. Horrela, lehoiek final-laurdenetarako txartela lortu dute.

1:24

Athletic Clubek 1-0 menderatu du Madril CFF taldea San Mamesen, 2023-24 denboraldiko Erreginaren Kopako final-zortzirenetako partidan, eta, horrenbestez, final-laurdenetarako txartela lortu du. Nahikarik lehen zatian egin du Bilboko taldeari garaipena eman dion partidako gol bakarra.

Lehoiek erabakitasunez egin dute jauzi berdegunera, helburu argia zutela, garaipena, eta 3. minutuan argi erakutsi dute, Nahikarik gola eginda. Aurrelariak zuri-gorrien kontraeraso bat burutu du, baloia sare barrura bidalita etxeko taldea aurretik jartzeko (1-0). Hurrengo minutuetan, etxekoek intentsitate berbera erakutsi dute, eta baloia kontrolatzen saiatu dira, markagailuan zuten abantaila handitzeko aukerak sortu nahirik.

Madrilgo taldeak, bestalde, aldea murrizteko aukera izan du 34. minutuan, baina Nanclares atezaina seguru aritu da, eta ondo gelditu du Kundananjiren jaurtiketa. Atsedenaldira arteko minutuetan, markagailuak ez du aldaketarik izan.

Bigarren zatian, Madrilek hainbat aldaketa egin ditu taldea indartu eta markagailua berdintzen saiatzeko, baina etxekoek ez dute amore eman, eta aldea handitzeko aukera bat edo beste izan dute; Landaluzeren burukada, adibidez, 77. minutuan.

Luzapeneko minutuetan izan dute bisitariek berdinketa lortzeko aukera argiena, baina lehoien defentsa sendoak atepean utzi du ezerezean aukera hori. Horrela, markagailuan bestelako aldaketarik izan gabe amaitu da partida, 1-0.