Athletic Club
Berritzea
Yuri Berchichek Athleticekin berritu du, 2025era arte; aukerako beste denboraldi bat ere adostu dute
EITB MEDIA
Zarautzeko ezker hegaleko atzelariaren eta klub zuri-gorriaren arteko kontratu ekainean amaitzekoa zen; Yurik eta Athleticek adostu dute kontratu hori 2024-25 denboraldirako berritzea, eta 2026ra arte jarraitzeko aukera sinatu dute.
Yuri Berchichek Athleticekin zuen kontratua berritu du 2025eko ekainaren 30era arte, hau da, beste denboraldi batez, astelehenean Bilboko klubak iragarri duenez. Gainera, Athleticek zehaztu du akordioak jasotzen duela aukera Zarautzeko ezker hegaleko atzelariaren eta klub zuri-gorriaren arteko kontratua 2026ra arte ere luzatzeko, hau da, beste denboraldi batez.
Yurik, 34 urtekoa bera, seigarren denboraldia du Athleticen. 2018an iritsi zen Bizkaiko klubera, Paris Saint-Germain taldetik. Orain arte, 188 partida jokatu ditu Athleticen; 2023-24 denboraldian, 26 neurketa daramatza, eta, guztira, hiru gol sartu horietan.
"Oso pozik nago familia zuri-gorrian jarraitu ahal izateagatik. Albiste oso pozgarria da niretzat, nire familiarentzat eta nire seme-alabentzat, eta horri ematen diot, azkenean, garrantzirik handiena", esan du jokalariak, Athleticek zabaldutako adierazpenetan.