Itxi

Eibar

SMARTBANK LIGA

Eibarrek hutsean berdindu du Leganesen aurka

B. L. G. | EITB MEDIA

Eibarrek ezin izan du golik egin madrildarren aurka eta partida hasi bezala bukatu da. Tejerok 30. minutuan zelaia utzi behar izan du min hartuta; Venanciok hartu du bere lekua.

  • Eibar-Leganes

    Eibarrek ezin izan du garaipena eskuratu Leganesen aurka. Argazkia: @SDEibar

Eibarrek eta Leganesek 0-0 berdindu dute SmartBank Ligako partidan. Ipuruakoek ezin izan dituzte hiru puntuak lortu abagune gutxi izan dituen norgehiagokan. Albiste txarrena, ordea, 30. minutukoa izan da. Tejerok bere lekua utzi behar izan dio Venanciori abduktorean mina hartu ondoren.

Eibar-Leganes partidako laburpena

Lehen zatia berdindua izan da Ipuruan. Aukera gutxi izan dira, baina apur horiek armaginen aldekoak izan dira. Lehen abisua azkar eman dute Gaizka Garitanoren jokalariek: 7. minutuan Jon Bautistaren lasterketa Riesgok gelditutako jaurtiketa arriskutsu batekin amaitu da.

Minutu lasaiak izan dira ondorengoak, partida zelai-erdian mantendu da eta ez dute arriskurik sortu. Eibarren hurrengo aukera 22. minutuan heldu da, Tejerok hegaletik egindako falta jaurtiketa batean. Riesgok, ordea, jokalari armaginaren asmoak aurreikusi eta baloia lan askorik gabe bereganatu du.

Baina partidako albiste txarrena partida hasi eta ordu erdira heldu zaie etxekoei: Tejerok zelaia utzi behar izan du min hartuta. Eskua abduktorera eraman du eta medikuek lagunduta utzi du zelaia. Venanciok hartu du bere lekua.

Atsedenaldia eta gero ez da gehiegi aldatu partida. Une biziena partidak 60 minutuak bete berritan heldu da. Yanis Rahmanik Leganeseko atezainak kornerrera bidali duen jaurtiketa bat egin du, eta minutu bat beranduago Nyomek langara egindako jaurtiketa batekin erantzun du (65. minutua).

Azkenean, puntu banaketa bi taldeen artean gatzik eta piperrik gabeko partidan.

Fitxa teknikoa:

0 - Eibar: Luca Zidane, Tejero (Venancio, 30. min), Berrocal, Arbilla, Imanol, Nolaskoain, Matheus, Corpas (Vadillo, 67. min), Javi Muñoz (Troncho, 81. min), Rahmani (Quique, 81. min) eta Bautista (Arana, 67. min).

0 - Leganes: Riesgo, Nyom, Jorge Sáenz, Sergio, Franquesa, Gaku, Rubén Pardo, Raba (Karrikaburu, 73. min), José Arnaiz, Vico (Neyou, 83. min) eta Juan Muñoz (Naim, 83. min).

Epailea: Guzmán Mansilla. Txartel horia erakutsi die: Nyomi (19. min), Arbillari (22. min), Juan Muñozi (39. min), Javi Muñozi (42. min), Corpasi (44. min), Karrikabururi (86. min) eta Matheusi (86. min).