Itxi

Eibar

Hypermotion Liga

Eibarrek garaipen erosoarekin hasi du urtea Racingen aurka (2-0)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Talde armaginak garaipen batekin hasi du bigarren itzulia, Racing Santanderren aurka 2-0 irabazita, Stoichkovek lehen zatian buruz eta Ager Aketxek bigarren zatian penaltiz sartutako golei esker. Garaipen honekin, Etxeberriaren taldea play-off postuetan kokatu da berriro.

  • Eibar vs Racing de Santander Argazkia: @SDEibar

    Eibar vs Racing de Santander Argazkia: @SDEibar

Eibarrek 2-0 irabazi dio ostiral honetan Racing Santanderri, Juan Diego Molina "Stoichkov" eta Ager Aketxe jokalarien golei esker, Hypermotion Ligako 22. jardunaldiko lehen partidan.

Ipuruan, Stoichkovek 10. minutuan aurreratu du etxeko taldea, buruz egindako gol eder batekin. Jose Rios Reinak ezker aldera egin du, eta horren erdiraketa ate barrura bidali du buruz bere taldekideak.

39. minutuan iritsi da partidako jokaldia. Hainbat jokalari armaginek hartu dute parte, eta Bautistaren oinetan amaitu du baloiak. Eibarreko aurrelariak, atetik bi metrora, jaurtiketa indartsua egin du, baina Ezkietak gelditu egin du atepean.

Horrela, Racingek partidan jarraitu du, eta armaginak abantailarik txikienarekin iritsi dira atsedenaldira.

Eibar indartsu zelairatu da bigarren zatian. Matheusek gol aukera izan du 49. minutuan, urruneko jaurtiketa batekin, baina baloiak zutoina jo du. Azkenean, etxekoen bigarren gola 83. minutuan iritsi da, Aketxek gauzatutako penalti jaurtiketa baten bidez.

Garaipen honi esker, Eibar laugarren postuan kokatu da, behin-behinean, 35 puntu dituela.

Fitxa teknikoa:

2. Eibar: Luca, Tejero, Berrocal, Arbilla, Ríos Reina, Vencedor Yriarte, (75. min), Matheus, Aketxe, Mario Soriano (Corpas, 69. min), Stoichkov (Konrad,  84. min) eta Bautista (Qasmi, 84. min).

0. Racing de Santander: Jokin Ezkieta, Fernández (Mario García, 75. min), Pol Moreno, Ruben Alves, Saul (Sangalli, 75. min), Iñigo (Morante, 75. min), Aldasoro, Andres (Lago Junior,  86. min), Peque, Vicente eta Ekain (Jeremy, 64. min).

Epailea: Alejandro Quintero Gonzalez, Andaluziako Batzordekoa. Txartel horia atera die Bautista (43. min) eta Corpas (77. min) armaginei. Txartel gorria atera dio Mario Garciari, 77. minutuan, eta txartel horia atera dio Jose Alberto Lopez bisitarien entrenatzaileari, 90.ean.

Golak: 1-0, 10. min: Stoichkov. 2-0, 83. min: Aketxe (penaltiz).