Itxi

Eibar

HYPERMOTION LIGA

Eibarrek galdu egin du Tenerifen (2-1), eta hirugarren tokira jaitsi da Hypermotion Ligan

EITB Media

Eibar atzetik hasi da markagailuan, baina atsedenaldiaren aurretik partida berdintzea lortu du. Kanariarrek 86. minutuan sartu dute garaipenaren gola, armaginak norgehiagoka estutzen ari zirenean.

  • Corpasek sartu du Eibarren gola. Argazkia: @SDEibar

    Corpasek sartu du Eibarren gola. Argazkia: @SDEibar

Eibarrek 2-1 galdu du arratsaldean Tenerifen jokatutako partida, eta bigarren tokitik hirugarrenera egin du behera sailkapen nagusian, Espanyolen mesedetan. Hortaz, armaginek ez dute baliatu Leganesi aldea murrizteko aukera; izan ere, Hypermotion Ligako liderrak puntu bakarra lortu du jardunaldi honetan, Huescaren etxean berdinduta (0-0).

Asier Garitanoren taldeak hobeto hasi du norgehiagoka, eta 10. minutuan, aurrea hartu du markagailuan. Jokaldi bikaina egin dute, eta Roberto Lopezen gola ere ikusgarria izan da: baloia jaurti, eta aramu-sareak kendu dizkio Luca Zidanen ateari.

Apurka-apurka, armaginek hobera egin dute, eta Tenerife bere zelaian sartu da, bigarren gola kontraerasoan bilatzeko asmoarekin. Eibarren aukerarik onenak Alvaro Tejerok eta Jose Corpasek izan dituzte, baina jaurtiketak kanpora joan dira.

42. mintuan, baina, Corpasek beste abagune bat izan du, eta ez du barkatu. Gol polita sartu du, Matheusek erdiratu ostean, eta errematea baloiak lurra jo aurretik eginda.

 

Aldagelatik bueltan, bi taldeak saiatu dira gola egiten, eta Mario Sorianok gutxigatik ez du helburua lortu, area kanpotik jaurtiketa eginda. Kostata bada ere, atezainak kanpora bota du baloia. Jarraian, Stoichkov ahalegindu da, baina Sorianok geldiketa bikaina egin du berriro.

Eibar gogotik saiatu da, baina Teneriferen ate aurrean ez da fin ibili. Eta bisitariak aurkaria gehien estutzen ari zirenean iritsi da etxekoen bigarren gola, 87. minutuan. Mathewsen akatsa baliatuta, Tetok baloia berreskuratu du, eta Angelek sarera bidali du azken horrek egindako pasea.

Porrot honen ondorioz, Eibarrek galdu egin du Lehen Mailara zuzenean igotzeko txartela ematen duen Hypermotion Ligako bigarren tokia.

FITXA TEKNIKOA

2 - CD Tenerife: Soriano, Mellot, Sergio Gonzalez (Jose Amo, 85. min), Loïc, Jose Leon; Roberto Lopez (Aitor Buñuel, 85. min), Alexander, Aitor Sanz, Waldo (Alvaro Romero, 85. min); Luismi Cruz (Angel, 61. min) eta Enric Gallego (Teto, 79. min).

1 - SD Eibar: Luca Zidane; Alvaro Tejero, Venancio (Sergio Alvarez, 94. min), Arbilla, Cristian Gutierrez; Peru Nolaskoain (Vencedor, 50. min), Matheus (Qasmi, 94. min); Jose Corpas (Aketxe, 69. min), Mario Soriano, Stoichkov eta Sergio Leon (Jon Bautista, 50. min).

Golak: 1-0, 11. min: Roberto Lopez. 1-1, 42. min: Corpas. 2-1, 87. min: Angel.

Epailea: Alejandro Quintero Gonzalez. Txartel horia atera die Enric Gallegori, Loici, Tetori, Amori, Jon Bautistari eta Vencedorri.

Gertakariak: Hypermotion Ligako 34. jardunaldia. Heliodoro Rodriguez Lopez estadioan 15.170 ikusle bildu dira.