Eibar
Hypermotion Liga
Eibarrek Castello 1-0 garaituta ekin dio 2024-2025 denboraldiko Hypermotion Ligari
EITB Media
Armaginek 1-0eko emaitzarekin menderatu dute Valentziako Erkidegoko taldea Ipuruan, Hypermotion Ligako 1. jardunaldian. Jon Bautistak sartu du neurketako gol bakarra, 2. minutuan.
-
Arbilla Bautsita oriontzen aurrelariak Castellori sartutako golaren ostean. Argazkia: @SDEibar
Eibarrek Castello 1-0 garaituta ekin dio 2024-2025 denboraldiko Hypermotion Ligari. Jon Bautistak bigarren minutuan sartutako golak erabaki du Ipuruan jokatutako lehen jardunaldiko norgehiagoka.
Armaginek bikain ekin diote neurketari; izan ere, bigarren minutuan sartu du gola Jon Bautistak (1-0), Jon Guruzetaren erdiraketa baliatuta.
Gola jaso ostean, aurrerapausoa eman du Castellok. Valentziako Erkidegoko taldeari kosta egin zaio abagune argiak sortzea. Hala ere, 38. minutuan gola sartu du, baina epaileak baliorik gabe utzi du, Douglas jokoz kanpo zegoelako taldekideak pasea eman dionean. Geroago, 44. minutuan, Raul Sanchezen errematea kanpora joan da oso gutxigatik. Estu eta larri ibili da Eibar lehen zatiaren azken txanpan; dena den, atsedenaldira gol bateko errentarekin iristea lortu du.
Bigarren zatian, erasokor zelairatu dira bi taldeak; abaguneak izan dituzte, eta aurkariaren ate aurrean ezin asmatuta ibili dira. Hasieran, Castellok izan ditu gola sartzeko aukera onenak; gero, Eibarrek jo du erasora. Armaginek abagune argia izan dute 77. minutuan, baina Bautistaren erremateak zutoina jo du, eta ez da Castelloren atean sartu. Ia jarraian, Castelloko Jesus De Miguelek area barrutik egindako errematea kanpora joan da.
Azken minutuetan, talde bisitariak jo du erasora bete-betean, baina armaginek ondo eutsi diote, eta Eibarrek hiru puntuak poltsikoratu ditu (1-0).
Fitxa teknikoa:
1 - Eibar: Magunagoitia, Corpas (Cubero, 63. min), Carrillo (Sergio Alvarez, 51. min), Arbilla, Arrillaga, Nolaskoain, Matheus, Guruzeta (Mada, 46. min), Pascual (Slavy, 77. min), Merquelanz (Antonio Puertas, 63. min) eta Bautista.
0 - Castello: Gonzalo, Jozhua, Alberto (Pere Marco, 82. min), Chirino, Douglas, Moyita (Van Den Belt, 60. min), Oscar Gil (Cala, 60. min), Seuntjens, Raul Sanchez (Israel Suero, 78. min), Mamah eta De Miguel.
Gola: 1-0, 2. min. Bautista.
Epailea: Eder Mallo. Txartel horia atera die Anaitz Arbilla (14. min), Guruzeta (25. min), Merquelanz (55. min) eta Nolaskoain (77. min) Eibar taldeko jokalariei, baita Alberto (80. min) Castelloko futbolariari ere.