Itxi

Munduko futbol txapelketapelketa

Errusia 2018rako berraukera

Australiak Errusiarako txartela lortu du, Honduras menderatuta

Agentziak | Erredakzioa

Mile Jedinakek hiru gol egin ditu, bi penaltiz, eta Australiako selekzioa Munduko Txapelketa laugarrenez jarraian jokatzeko sailkatu da.

  • Australiako selekzioa, Hondurasen aurkako joaneko partidan / EFE.

    Australiako selekzioa, Hondurasen aurkako joaneko partidan / EFE.

Australiako futbol selekzioa Errusiako Munduko Txapelketa jokatzeko sailkatu da, laugarrenez jarraian, Sydney hirian jokatu duen partidan Honduras menderatuta (3-1), Mile Jedinak sartutako hiru golei esker. Ozeaniarrak kontinenteen arteko bi txarteletako bat eskuratu du berraukerako partidan.

Beteta zegoen ANZ zelaian, etxeko taldeak argi eta garbi utzi du bere nagusitasuna, eta ez dio aukerarik eman Hondurasi. Bisitariek, gainera, behin bakarrik jaurti dute atera, luzapenean.

Ange Postecoglouren selekzioa hasieratik bukaerara arte izan da nagusi. Aurkariek ezer gutxi egin dute aurrean, baina atzean sendo aritu dira lehen zatian.

Bigarrenean, amerikarrak oso ahul agertu dira erasoan, eta ozeaniarrak ondo aritu dira presionatu eta baloia berreskuratzeko orduan, baina asko kostatu zaie jokaldiak bukatzea.

Partida bukatzeko ordu erdi falta zela, Mile Jedinakek lehenengoa egin du falta jaurtiketa batean, eta bere taldea bigarrenaren bila abiatu da. Penaltiz lortu du aurrelariak. Bi goleko aldearekin, berdinketaren arriskua urrundu du Australiak.

Etxekoen kapitainak hirugarrena egin du penaltiz, eta Maynor Figueroak Hondurasen bakarra sartu du, luzapenean.

FITXA TEKNIKOA

Australia: Maty Ryan; Matthew Wright, Trent Sainsbury, Mathew Jurman; Mile Jedinak, Mark Milligan (James Troisi, 89. min); Mathew Leckie, Tomas Rogic (Robbie Kruse, 77. min), Aaron Mooy, Aziz Behich; eta Tim Cahill (Tomi Juric, 66. min).

Honduras: Donis Escober; Brayan Beckeles, Jhonny Palacios, Maynor Figueroa, Ever Alvarado, Emilio Izaguirre (Henry Figueroa, 41. min; Mario Martínez, 74. min); Bryan Acosta, Jorge Claros, Alberth Elis, 'Choco' Lozano eta Romell Quioto (Eddie Hernández, 75. min).

Golak: 1-0, 54. min: Mile Jedinak. 2-0, 72. min: Mile Jedinak, penaltiz. 3-0, 85. min: Mile Jedinak, penaltiz. 3-1, 94. min: Maynor Figueroa.