Itxi

Munduko futbol txapelketapelketa

QATAR 2022

Australiak lehen hiru puntuak bildu ditu Tunisia garaituta (0-1)

A. B. R | EITB MEDIA

Mictchell Duke aurrelariaren golak garaipena eman dio Ozeaniako taldeari. Partida irabazita australiarrak bizirik helduko dira azken jardunaldira. Tunisiarrak, bestalde, puntu bakarrarekin daude.

  • Mitchel Duke

    Mitchel Duke gola ospatuz. Argazkia: EFE

Australiako selekzioak Tunisiari irabazi dio (0-1) Munduko Txapelketako D Multzoko bigarren jardunaldiko partida. Ozeaniarrek lehen hiru puntuak bildu dituzte txapelketan, lehen jardunaldian Frantziaren aurka porrota jaso ostean. Garaipenarekin bizirik iritsiko dira australiarrak azken jardunaldira, Tunisia, aldiz, ia hondoratuta geratu da.

Partidaren lehenengo minutuetan Australiako selekzioa izan da nagusi. Ozeaniarrak intentsitate handiarekin atera dira, lehenengo jardunaldiko porrota ahaztu nahian. Horrela, 23. minutuan australiarren gola iritsi da: Goodwinek ezker hegaletik egindako erdiraketa defentsa batek desbideratu du, aldaratzea Mictchell Duke aurrelari australiarrak baliatu du gola egiteko, burukada apartarekin (0-1).

Kolpea jaso ondoren, afrikarrek partida orekatu dute, eta arriskua sortzen hasi dira: 40. minutuan Jebalik gidatutako kontraeraso batean baloia Dragerri heldu zaio, eskuin hegaleko jokalariak jaurtiketa egin du area barnetik, baina defentsa australiarrek balioa kornerrera bidali dute.

Ez da lehen zati bukaerako aukera bakarra izan, izan ere, luzapenean tunisiarrek jokaldi ona josi dute ezkerretik: Jebalik egindako erdiraketa Msakniri iritsi zaio, baina aurrelariak kanpora bidali du ate aurrean egindako errematea. Horrela iritsi da partida atsedenaldira.

Aldageletatik bueltan Tunisiak berretsi egin du lehen zatiko azken minutuetan eman duen aurrerapausoa. Australiarren defentsak, ordea, ez du larregi sufritu azken metroetan ideia falta nabarmena sumatu zaion Tunisiaren aurka.

Australiak, aldiz, kontraerasoak baliatu ditu arriskua sortzeko: 70. minutuan Mclaren bakarrik joan da ezker hegaletik, erdiraketa bortitza atera du, Leckie taldekideak hanka luzatu du errematea egiteko, baina ez da iritsi gutxigatik.

Azken txanpan dena eman dute tunisiarrek berdinketaren gola lortzeko, nahiz eta argitasuna falta izan zaien. Garaipenarekin, Australiak bere lehenengo hiru puntuak lortu ditu txapelketan. Tunisiak, aldiz, puntu bakarra du eta sailkapena asko zaildu zaio.

Fitxa teknikoa:

0- Tunisia: Dahmen; Drager (Sassi, 46.min), Talbi, Meriah, Bronn (Kechrida, 73.min), Abdi; Skhiri, Laïdouni (Khazri, 67.min), Sliti; Msakni eta Jebali (Khenissi, 73.min).

1- Australia: Ryan; Rowles, Souttar, Behich, Karacic (Degenek, 75.min); Mooy, McGree (Hrustic, 64.min), Irvine; Goodwin (Mabil, 85.min), Leckie (Baccus, 85.min) eta Duke (MacLaren, 64.min).

Golak: 0-1, 23.min: Mitch Duke.

Epailea: Daniel Siebert (ALE). Txartel horiak: Laïdouni (26.min), Abdi (64.min) eta Sassi (93.min).