Itxi

Osasuna

Taxoareko harrobia

Osasunak Alykall Doumbia harrobiko aurrelari azkarrari kontratua 2029ra arte berritu dio

EITB Media

Gainera, talde gorritxoak 2031ra arte luzatu ahal izango du lotura profesionala. Jokalariaren etete-klausula 20 milioikoa izango da, eta 40 milioira igoko da lehen taldeko kide bada.

  • Alykall Doumbia, Malin jaiotako aurrelaria. Irudia: Osasuna

    Alykall Doumbia, Malin jaiotako aurrelaria. Irudia: Osasuna

Osasunak Alykall Doumbiaren kontratua 2029ko ekainera arte luzatu duela iragarri du, beste bi denboraldiz luzatzeko aukerarekin. Ondorioz, harrobiko jokalaria Nafarroatik kanpo kokatzen zuten zurrumurruei amaiera eman die talde gorritxoak.

Malin jaiotako aurrelariak Osasunan jarraituko du, eta akordio horren arabera, klub gorritxoak beste bi kanpaina luzatu ahal izango dio kontratua 2031ra arte. Jokalariaren etete-klausula 20 milioi eurokoa izango da, eta 40 milioi eurora igoko da EA Sports Ligako lehen taldeko kide bada.

2007ko azaroaren 6an jaio zen Afrikako herrialdean, baina urtebete baino ez zuela bere familia Nafarroara etorri zen bizitzera, Barañainen lehenik, eta Atarrabian gero, han bizi baita hamar urte zituenetik. Burlatan eta Txantrean hasi zen futbolean. Kadete mailako lehen urtean Osasunara iritsi zen, eta bost denboraldi daramatza bertan.

Oraindik jubenil mailan dagoen arren, Subiza Osasunako bigarren filialean ari da denboraldi honetan. Hala ere, Promesasen lan dinamikan dago, eta hiru norgehiagokatan jokatu du. Gainera, joan den asteartean deitu zuten lehen aldiz lehen taldearekin Ebroren aurkako Errege Kopako partidarako.

Osasunaren etorkizun hurbilerako albiste bikaina da; izan ere, hainbat klubek interesa zuten aurrelari azkarra fitxatzeko.