Itxi

Osasuna

2-0

Osasunak Teneriferi irabazi eta hirugarren garaipena jarraian eskuratu du

eitb.eus

Talde gorritxoak 2-0 irabazi du Sadarren eta sei puntura du igoera zuzena ematen duen bigarren postua. Villar eta Oier izan dira golegileak.

  • Osasuna-Tenerife (2-0). Argazkia: @CAOsasuna

    Osasuna-Tenerife (2-0). Argazkia: @CAOsasuna

Osasunak 2-0 irabazi dio Teneriferi Sadarren eta talde gorritxoak bolada onari eutsi dio. Nafarroako taldeak 22 puntu ditu, eta 6 puntura du igoera zuzena ematen duen bigarren postua.; liderra, 7 puntura.

Erasokor eta baloiaren jabe izanda ekin dio neurketari Osasunak eta 4. minutuan izan du lehen abagunea; Juan Villarrek, ordea, kanpora bidali du errematea Clercen erdiraketa on baten ostean. Lehen abagunean ez asmatu ondoren, 10. minutuan, Juan Villarrek berak sartu du talde gorritxoaren lehen gola (1-0). Ruben Martinez Osasunako atezainak buruz-burukoa salbatu du, eta hurrengo jokaldian etorri da talde gorritxoaren gola. Jagoba Arrasatek zuzentzen duen taldea jaun eta jabe izan da lehen zatian, eta 19. minutuan beste aukera argi bat izan du; Dani Hernandez atezainak erantzun bikaina eman dio asko itxi den erdiraketari, eta Fran Meridaren jaurtiketa atezainaren eskuetara joan da. Atsedenaldira iritsi orduko, talde gorritxoak abagune argia izan du, baina Ruben Garcia ez da gola sartzeko gai izan. Azken jokaldian, ordea, baloia solte geratu da area barruan korner erdiraketa baten ostean, eta Oierrek 2-0ekoa sartu du, jaurtiketa sare barrura bidalita.

Bigarren zatiko lehen minutuetan hiru abagune izan ditu Osasunak; Dani Hernandez atezainak erantzun bikaina eman dio Roberto Torresen jaurtiketari, geroago, Ruben Garciaren jaurtiketa gora joan da gutxigatik, eta Roberto Torresek berak ez du errematea gutxigatik sare barrura bidali. Ondoren, 58. minutuan, Teneriferen erantzuna etorri da, baina Malbasicek ez du atezainaren aurrean asmatu. Ruben atezain gorritxoak Teneriferen gola eragotzi du Malbasicen errematea geldituta. Tenerifek erasora jo du bigarren zatian, eta norgehiagokako 70. minutuan, Juan Villar ez da gai izan gola sartzeko Osasunak lotu duen jokaldi on baten ostean. Zazpi minutu beranduago, talde bisitariak abagune itzela izan du, baina Malbasicek zutoinera bidali du errematea. Tenerifek erasora jo du azken minutuetan eta Osasunak lehia guztiz erabakita uzteko aukerak izan ditu. Neurketako 84. minutuan, Dani Hernandez atezainak beste gol bat eragotzi du Daviden errematea bikain desbideratuta, eta, zelairatu berria zen jokalariaren beste jaurtiketa bat, ondo harrapatu du talde bisitariko atezainak. Hala ere, amaieran, Osasunaren garaipena (2-0).

Fitxa teknikoa:

2 - Osasuna: Ruben; Lillo, Unai Garcia, Aridane, Clerc; Oier, Fran Merida; Ruben Garcia, Roberto Torres (Luis Perea, 78. min), Kike Barja (Nacho Vidal, 68. min); eta Juan Villar (David Rodriguez, 83. min).

0 - Tenerife: Dani Hernandez; Luis Perez, Aveldaño, Carlos Ruiz, Camille; Undabarrena (Javi Alonso, 85. min), Luis Milla; Tyronne (Suso, 51. min), Naranjo, Joao (Borja, 74. min); eta Malbasic.

Golak: 1-0, 10. min: Juan Villar. 2-0, 47. min: Oier.

Epailea: Lopez Toca. Txartel horiak atera dizkie Oier (53. min) eta Aridane (90. min) Osasunako jokalariei, baita Naranjo (41. min) eta Aveldaño (45. min) Tenerifeko futbolariei.