Itxi

Osasuna

0-1

Osasunak Almeriari irabazi dio eta bolada onean jarraitzen du

eitb.eus

Talde gorritxoak 0-1 irabazi du Juegos del Mediterraneo zelaian, eta igoera zuzena lortzeko lehian murgilduta segitzentzen du. Brandonek sartu du partidako gol bakarra.

  • Almeria - Osasuna. Argazkia: @CAOsasuna

    Brandon, golegilea, Almeria - Osasuna partidan. Argazkia: @CAOsasuna

Osasunak garaipen garrantzitsua lortu du Almeriaren aurka (0-1) Juegos del Mediterraneo zelaian, eta igoera zuzena lortzeko lehian sartuta jarraitzen du. Jagoba Arrasatek zuzentzen duen taldea hirugarren da sailkapenean eta 41 puntu ditu, Malagarengandik (2. sailkatua) eta Granada liderrarengandik (43 puntu) bi puntura dago. Hala ere, Granadak oraindik 23. jardunaldiko neurketa jokatu behar du.

Lehen zatia parekatua izan da. Osasunak erasora jo du lehen minutuetan, baina denbora aurrera joan ahala Almeria egin da baloiaren jabe. Hala ere, lehen ordu erdian bi taldeetako bat ere ez da gai izan abagune argiak sortzeko. Neurketako 30. minutuan iritsi da lehen abagunea, eta Osasunak izan du; Brandonek, ordea, zutoinera bidali du errematea. Bi minutu beranduago, Rene atezainak eragotzi du gorritxoen gola, Brandonen erremateari erantzun bikaina emanda. Almeriak ez du abagune argirik eduki lehen 45 minutuetan.

Bigarren zatiaren hasieran sortu du Almeriak bere lehen abagunea, baina Juan Fernandezen errematea kanpora joan da, gutxigatik. Partidako 55. minutuan beste aukera bat izan du Andaluziako taldeak; oraingoan, Romerak ez du Rubenen ate aurrean asmatu, korner baten ostean. Osasuna ezinean ibili bigarren zatian, aurkaria nagusi izan da, baina Ruben atezainak Almeriaren gola eragotzi du, Luis Riojaren falta jaurtiketa desbideratuta.

Osasuna nagusi izan da lehen zatian eta ez da gola sartzeko gai izan; bigarrenean, ordea, gaizki ibili da eta gola sartzea lortu du 75. minutuan, Brandonen bitartez (0-1). Aurrelari gorritxoak bikain errematatu du Ruben Garciaren erdiraketa.

Gola hartu ostean, Almeriak erasora jo du berdinketaren bila, eta sufritzea egokitu zaio Nafarroako taldeari. Hala ere, 81. minutuan, Osasunak bigarren gola sartzeko abagunea izan du, baina Brandonek kanpora bidali du errematea. Almeriaren erantzuna bi minutu beranduago etorri da Alvarok zutoinera bidali duen errematearekin, eta Corpasek ate aurrean gora bidali duen jaurtiketarekin. Azken minutuetan, Osasunak ondo eutsi dio aurkariari, eta garaipena lortu du.

Fitxa teknikoa:

0 - Almeria: Rene Roman; Jose Romera (Sergio Aguza, 62. min), Esteban Saveljich (Pablo Caballero, 82. min), Juan Ibiza, Ivan Martos; Yan Eteki (Demirovic, 62. min), Cesar de lo Hoz; Jose Corpas, Juan Carlos Real, Luis Rioja; eta Alvaro Gimenez.

1 - Osasuna: Ruben; Nacho Vidal, David Garcia, Aridane, Claros Clerc; Roberto Torres, Oier Sanjurjo, Iñigo Perez, Kike Barja (Luis Perea, 67. min); Ruben Garcia (Unai Garcia, 80. min) eta Brandon Thomas.

Gola: 0-1, 74. min: Brandon Thomas.

Epailea: Valentin Pizarro Gomez. Txartel horiak atera dizkie Esteban Saveljich (23. min), Sergio Aguza (64. min), Cesar de la Hoz (76. min), Luis Rioja (91. min), de la UD Aridane (33. min) eta Brandon Thomas (87. min) jokalariei.