Itxi

Osasuna

1-0

Osasunak lidertza sendotu du, Nastici irabazita

Erredakzioa

Garaipena lortu du talde gorritxoak Sadarren, 1-0eko emaitzarekin. Albacetek porrota jaso du Cadizen aurka eta Malagak berdindu egin du Kordobaren kontra.

  • Osasuna-Nastic. Argazkia: @CAOsasuna

    Osasuna-Nastic. Argazkia: @CAOsasuna

Osasunak garaipena lortu du Gimnastic Tarragona taldearen aurka (1-0) Sadarren, eta talde gorritxoak (54 puntu) lidertza sendotu du, Albacetek (47 puntu) galdu egin baitu Cadizen aurka, eta Malagak (50 puntu) berdindu egin baitu Kordobaren aurka. Granadak (47 puntu) igandean jokatuko du Rayo Makadahondaren kontra, eta, Deportivok (48 puntu) astelehenean Alcorconen aurka.

Neurketako lehen minutuetan Kataluniako taldea izan da nagusi, eta pare bat aldiz gerturatu da Osasunak defendatutako ate ingurura. Talde gorritxoaren erantzuna azkar etorri da, Bernabek gelditu duen jaurtiketa baten bitartez. Nasticeko atezainak beste gelditu on bat egin du, Olavideren erremateari erantzunda. Brandonek gertu izan du gola 13. minutuan, baina ez du ate aurrean asmatu.

Lehen zatiaren azken txanpan, Osasuna berriro nagusi izan da baloi jabetza bereganatuta. Jagoba Arrasatek zuzentzen duen taldeari kosta egin zaio abaguneak sortzea, baina 40. minutuan, Roberto Torresek 1-0ekoa sartu du. Polemika egon da golean; Nasticeko atezainak Roberto Torresen errematea atera egin du, baina, epaileak gola ontzat eman du, baloiak marra gainditu duela argudiatuta.

Bigarren zatia irekia izan da, eta bi taldeek arriskua eraman dute aurkariaren ate ingurura. Osasunak aukera ona izan du 57. minutuan, baina Bernabe atezainak eragotzi du gorritxoen gola, Brandonen errematea geldituta. Hamar minutu beranduago etorri da Tarragonako taldearen erantzuna, Barradak kanpora bidali duen burukadaren bitartez.

Azken ordu laurdenean erasora jo du Nasticek, berdinketa lortzeko helburuarekin. Ruben atezainak Tarragonako taldearen gola eragotzi du, 75. minutuan Mineroren jaurtiketa desbideratuta. Amaierako hamabost minutuetan, Osasunak ondo eutsi dio Nastici, eta garaipenak ez dio ihes egin.

Fitxa teknikoa:

1 - Osasuna: Ruben Martinez; Nacho Vidal, David Garcia, Unai Garcia, Clerc (Endika, 63. min); Iñigo Perez, Oier; Roberto Torres, Ruben Garcia (Xisco, 79. min), Miguel Olavide (Fran Merida, 69. min); Brandon.

0 - Nastic: Bernabe; Josema (Barrada, 58. min), Mikel, Fali, Salva; Abraham, Cotan (Viti, 74. min), Thioune, Pipa; Kante, Sadik (Uche, 68. min).

Gola: 1-0, 40. min: Roberto Torres.

Epailea: Jose Antonio Lopez Toca. Txartel horiak atera dizkie Sadik, Abraham eta Viti jokalariei.