Osasuna
Auzitegiak
Gaitzetsi egin dute Alvaro Fernandez Osasunako atezain ohiaren helegitea
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Auzitegiak ez du onartu Osasunaren aurka balizko agiri-faltsutasun delituagatik jarritako kereila.
-
Alvaro Fernandez Monakorekin fitxatu zuen egunean. Argazkia: Monakoa
Nafarroako Lurralde Auzitegiak gaitzetsi egin du Alvaro Fernandez Osasunaren filialeko atezain ohiak jarritako helegitea. Helegite horretan, jokalariak bere desadostasuna agertzen zuen auzitegiak hartutako erabakiarekin; izan ere, klub gorritxoaren aurka agiri-faltsutasun delituagatik jarritako kereila largetsi eta artxibatzea erabaki zuen epaileak.
Talde nafarrak astearte honetan argitaratu duen oharrean gogorarazi duenez, jokalariak eta klubak elkarren artean zuten kontratuko sinadura faltsifikatu izana leporatu zien Fernandezek Luis Sabalza Osasunako presidenteari eta Angel Ardanaz gerenteari. Osasunak, bere aldetik, atezainak kontratu hori "aldebakarreko erabakiz" hautsi zuela defendatzen du.
Epaileak, lehen auzialdian, jokalariak jarritako salaketa largestea eta artxibatzea erabaki zuen. Horren aurrean, Fernandezek apelazio-errekurtsoa aurkeztu zuen, eta horixe da, hain zuzen ere, auzitegiak orain onartu ez duena.
Talde nafarrak azaldutakoaren arabera, Nafarroako Lurralde Auzitegiak emandako irizpen horren aurka ezin daiteke beste helegiterik aurkeztu.
Horrez gain, Iruñeko klubak aurreratu du FIFAri agiri guztiak igorriko dizkiola "Osasunarekin zuen kontratua ez betetzeagatik jokalariaren aurka irekitako prozedurak aurrera jarrai dezan". Izan ere, atezainak ez zuen parte hartu talde gorritxoak 2017an egin zuen denboraldi-aurrean, eta, horren ordez, Monako talde frantziarrarekin sinatu zuen.