Itxi

Osasuna

2-0 Sanchez Pizjuanen

Osasunak Sevilla erasotzailearen aurka galdu egin du

Erredakzioa

Jose Luis Mendilibarren mutilek 2-0 galdu dute Michelen Sevillaren aurka. Aurreneko zati kaskarra jokatu dute gorritxoek eta bigarren zatian ezin izan dituzte aukerak gauzatu.

00:58
Lehen zatia kaskarra izan da, Mendilibarren ustez

- Fitxa teknikoa:

2 - Sevilla FC: Palop; Coke, Spahic, Fazio, Fernando Navarro; Jesus Navas, Medel, Rakitic, Reyes (Luna, 65. minutuan); Kanoute (Trochowski, 71. minutuan) eta Negredo (Baba, 79. minutuan).

2 - Osasuna: Andres Fernandez; Marc Bertran, Sergio, Miguel Flaño, Raitala; Puñal, Nekounam; Cejudo (Timor, 76. minutuan), Lolo (Lamah, 46. minutuan), Nino; eta Lekic (Ibrahima, 46. minutuan).

Golak: 1-0, 16. minutuan: Medel. 2-0, 93. minutuan: Trochowski.

Osasunak asko sufritu du lehenengo zatia, Michelen taldeak neurketaren kontrol osoa izan baitu. Horrela, berdeguneko protagonista nagusia Andres fernandez atezaina izan da. Reyesek izan du partidako aurreneko abagunea, baina Sevillako jokalariaren saiakera kanpora joan da. 6. minutuan Andaluziako taldeak markagailuan aurrea hartzeko aukera izan du, baina Kanouteren errematea zutoinaren ondotik kanpora joan da.

Mendilibarren taldeak ez du zelaian tokia aurkitu eta 15. minutuan Medel txiletarrak 1-0ekoa jarri du markagailuan eskuinkada eder bati esker. Andres Fernandezek gelditu erabakigarriak egin ditu eta Osasunak ezin izan du baloiaren jabetza mantendu. Gorritxoek abagune bakarra Nekounamek izan du atsedenaldia baino lehen, baina Iraneko erdilariak kanpora bidali du baloia.

Bigarren zatiko aurreneko minutuetan gorritxoek defentsan sufritzen jarraitu dute eta Andres Fernandez atezainak gelditu ikusgarria egin behar izan du. Pixkanaka Osasuna erosoago egon da berdegunean eta aukera garbiak sortu ditu. Puñalen saiakera langa gainetik kornerrera joan da eta Nekounamen jaurtiketa kanpora joan da.

Iruñeko taldeko abagunerik onena Ibrahimak izan du neurketako 77. minutuan, baina Palop atezainak gelditu ikusgarri batekin baloia desbideratzea lortu du. Osasunak ezin izan ditu aukerak sortu azkeneko minutuetan eta Trochowski alemaniarrak azken 2-0ekoa jarri du markagailuan 93. minutuan.