Itxi

Osasuna

2 urte gehiago

Jagoba Arrasatek 2024ra arte jarraituko du Osasunan

EITB Media

Asteartean, 18:00etan, kontratua berritzeko ekitaldia egingo dute Sadar futbol-zelaian.

2:03
Jagoba Arrasate

Osasunak akordioa lortu du Jagoba Arrasaterekin 2024ko ekainaren 30era arte klubean jarraitzeko. Beraz, entrenatzaileak beste bi denboraldiz luzatuko du kontratua talde gorritxoarekin; bigarren teknikariak, Bittor Alkizak, eta prestatzaile fisikoak, Sergi Perezek, ere luzatuko dute euren lotura Osasunarekin, aipatu egunera arte.

Asteartean, 18:00etan, kontratua berritzeko ekitaldia egingo dute Sadarren, eta zaleentzat zabalik egongo da. Berriatuko entrenatzailearekin batera, Luis Sabalza klubeko presidentea eta Braulio Vazquez kirol-zuzendaria egongo dira bertan.

Laugarren denboraldia

Arrasate laugarren denboraldia betetzen ari da Iruñean. 2018an iritsi zen talde gorritxora, Reala eta Numantzia entrenatu ondoren.

Nafarroako klubean egin zuen lehen sasoian, Santander Ligara igo zuen taldea, zilarrezko mailan txapeldun bihurtuta. Hurrengo bi denboraldietan, hamargarren eta hamaikagarren postuak lortu zituen.

Joan den larunbatean Osasunak Vila-real mendean hartuta lortu zituen 3 puntuak kontuan hartuta, 35 ditu jada, eta, ondorioz, hamaika puntura ditu jaitsiera postuak.