Itxi

Osasuna

Konferentzia Liga

Osasunak Brujasen edo KA Akureyriren aurka jokatuko du Konferentzia Ligako play-offean; joanekoa, Sadarren

EITB MEDIA

Play-offa abuztuaren 24an eta 31n jokatuko dute, eta Nafarroako taldearen aurkaria zein izango den zehaztuko duen kanporaketa, ordea, abuztuaren 10ean eta 17an izango da.

  • Osasuna abuztuaren 24an estreinatuko da Konferentzia Ligan. Argazkia: EFE.

    Osasuna abuztuaren 24an estreinatuko da Konferentzia Ligan. Argazkia: EFE.

Osasunak Brujasen (Belgika) edo KA Akureyriren (Islandia) aurka jokatuko du 2023-24 denboraldiko Konferentzia Ligako play-offa, UEFAk Nyonen (Suitza) duen egoitzan astelehenean egindako zozketak zehaztu duenez, eta joaneko partida Sadarren izango da. Play-offa abuztuaren 24an eta 31n jokatuko dute, eta Nafarroako taldearen aurkaria zein izango den zehaztuko duen kanporaketa, ordea, abuztuaren 10ean eta 17an izango da. Sailkatuz gero, Osasuna Konferentzia Ligako multzo fasean izango litzateke, eta sei jardunaldi jokatuko lituzke irailaren 21a eta abenduaren 14a bitartean.

Brujas Europako futboleko historikoetakoa da. 2022-23 denboraldian, laugarren postuan amaitu zuen Pro League txapelketa, Belgikako goreneko maila. Bere palmaresean, Europa mailako bi final ditu jokatuta, biak ala biak Liverpoolen aurka: 1978an, Europako Kopako finala jokatu zuen (egungo Txapeldunen Liga), eta 1976an, aldiz, UEFA Kopakoa (egungo Europa Liga). Brujasek Jan Breydel futbol zelaian jokatzen du etxeko talde gisa, eta gehienez ere 30.000 ikusle sartu ahal dira bertan.

KA Akureyri, aldiz, zazpigarren postuan dago Islandiako Lehen Mailan; 16 partidatan, 21 puntu lortu ditu Osasunaren aurkaria izan litekeen taldeak. 1989an, Liga irabazi zuen, eta 1992an, 2001ean eta 2004an, ordea, Kopako finala jokatu zuen. 1990-91 denboraldian, Europako Kopa jokatu zuen, eta 2003an, Intertoto kopa; horietan, baina, ezin izan zuen aurrera egin, eta lehen kanporaketan geratu zen txapelketatik at. Akureyrarvollur zelaian jokatzen du, eta gehienez ere 1.770 zale har ditzake.

Aurtengo Konferentzia Ligan, KA Akureyrik bi talde kanporatu ditu jada: Galeseko Connah's Quay Nomads (2-0 garaitu zuen bi partidetan) eta Irlandako Dundalk (5-3: 3-1 eta 2-2). Brujasek, aldiz, Danimarkako Aarhus menderatu du (3-1: 3-0 Belgikan eta 1-0 Danimarkan).

Europako txapelketetan izandako ibilbidean, Osasunak inoiz ez du izan aurkari gisa Islandiako talde bat, baina bai, ordea, Belgikako bat: 1985-86 denboraldian, alegia, gorritxoek Europa mailako txapelketa bat jokatu zuten aurreneko aldian, Osasunak Glasgow Rangers menderatu zuen lehen kanporaketan; bigarrenean, ordea, Belgikako KSV Wageremek kanporatu zuen Osasuna. Joaneko partidan, Osasunak 2-0 galdu zuen etxetik kanpo, eta 2-1 nagusitu zen gero Sadarren.

Horrenbestez, Osasuna abuztuaren 24an bueltatuko da Europa mailako txapelketa batera. Talde gorritxoak 2007ko maiatzaren 3an jokatu zuen orain arte azken aldiz nazioarte mailako partida ofizial bat. Orduan, Sanchez-Pizjuan futbol zelaian, Sevillak 2-0 menderatu zuen talde gorritxoa, eta joaneko neurketan, Sadarren, Osasunak 1-0eko emaitza lortu zuen; beraz, Nafarroako taldeak ezin izan zuen baliatu bere historiako Europako aurreneko finala jokatzeko aukera, oso gutxigatik. 

Sabalza: "Errespeturik handiena diogu, batari zein besteari"

Zozketa amaituta, Luis Sabalza Osasunako presidenteak iritzia eman du, horren emaitzaren gainean. "Lehenik eta behin, ohorea da Osasuna Europa mailako zozketa batean ordezkatzea, horrelako batean egon ginen azken alditik 16 urte igaro direnean. Duela urte batzuk, mugarri hau pentsaezina zen, eta azpimarratu egin behar dugu, denon artean", nabarmendu du. "Azkenean, argi dago aurkari guztiak zirela zailak, bereziki ez badugu ahazten ez ginela multzoburuak", erantsi du.

Jarraian, balizko bi aurkariak izan ditu hizpide: "Brujas edo Akureyri izango dugu gure aurrean, eta errespeturik handiena diogu, batari zein besteari. Jakin badakigu Brujas, agian, aurkari zailagoa dela, kontuan izanik esperientzia handia duela Europako txapelketetan, Belgikako Liga 18 aldiz irabazi duela eta talde oso lehiakorra duela. Bestalde, bidaia ona da gure zaleentzat; haien kontra jokatzen badugu, badakigu gorritxo asko izango direla harmailetan. Nik uste dut kanporaketa oso parekatua izan litekeela. Eta Akureyri baldin bada aurkaria, bada, gauza bera. Baliteke aurkari ezezagunagoa izatea, baita bidaia zailagoa ere, baina Konferentzia Ligan, dagoeneko, bi talde kanporatu ditu; gure aurka jokatzen badu, horrek esan nahi du Brujas ere menderatu duela, eta azken hori talde oso ona da. Hortaz, errespeturik handiena diogu, eta kanporaketa oso parekatuak izango direla uste dut".

"Espero dugu Sadarren gure jendearen babes osoa izatea, eta joanekoan emaitza ona lortzea; hala, multzo fasean sartzeko itxaropenari eutsiko genioke", esan du Sabalzak.