Itxi

Osasuna

EA Sports Liga

Catenak eta Budimirrek Europara hurbildu dute Osasuna (2-0)

I. G. | EITB Media

Atletico Madrili irabazi dio oso partida borrokatuan, eta Europako postuak markatzen dituen Rayo Vallecanorekin berdinduta geratu da sailkapenean.

  • Catenak buruz sartu du lehen gola. Argazkia: EFE

    Catenak buruz sartu du lehen gola. Argazkia: EFE

Osasunak 2-0 irabazi dio Atletico Madrili ostegun honetan Sadarren jokatu den EA Sports Ligako 36. jardunaldiko partida. Catenaren eta Budimirren golei esker, Europako postuak markatzen dituen Rayo Vallecanorekin berdinduta geratu da sailkapenean.

Madrilgo taldeak hobeto ekin dio partidari, eta berehala sortu du arriskua. Korner batean, Sorloth errematea egiteko zorian egon da area txikian, baina Catena garaiz iritsi da jaurtiketa desbideratzeko, eta baloiak Sergio Herreraren eskuetan bukatu du. Gorritxoen erantzuna Orozen oinetatik etorri da; Atleticoren akats bat aprobetxatu du Oblak proban jartzeko, baina jaurtiketa arazorik gabe gelditu du atezainak.

Hurrengo minutuak parekatuagoak izan dira, bi taldeen erasoekin, 25. minutuan Catenak markagailua mugitu duen arte. Korner batean, buruz bikain errematatu du baloia sarera bidali eta bere taldea aurretik jartzeko (1-0).

Sorloth berdinketa sartzear izan da baloia buruz errematatuz, baina Sergio Herrerak geldiketa bikaina egin du Osasuna aurretik joan zedin atsedenaldira.

Bigarren zatian, Atleticok lehen zatian galdutako nagusitasuna berreskuratu du, eta Osasunak indarra hartu du atzean, Sergio Herreraren gidaritzapean. Sorlothek arriskua sortu du berriro, zelaia utzi aurretik, baina ez du ezer positiborik atera. Simeonek sei aldaketa egin ditu partidaren gidoia aldatzen saiatzeko; Vicente Morenok, berriz, nahiago izan du itxaron, eta Ruben Peña bakarrik zelairatu du Kike Barjaren ordez.

Atleticok presioarekin jarraitu du, eta berdinketatik gertu zegoela zirudienean Budimir agertu da Osasunaren garaipena ixteko. Kroaziarrak 2-0ekoa sartu du buruz, gorritxoak Europako postuetara hurbiltzeko.

Fitxa teknikoa:

2 – Osasuna: Sergio Herrera; Areso, Catena, Boyomo, Juan Cruz (Bretones, 81. min); Pablo Ibañez (Moncayola, 71. min), Torro, Aimar (Moi Gomez, 88. min); Peña (Barja, 60. min), Budimir (Raul, 88. min), Bryan (Muñoz, 71. min).

0 – Atletico: Oblak, Llorente, Le Normand, Gimenez, Javi Galan (Azpilicueta, 46. min), Koke (Correa, 64. min), Barrios (Nahuel Molina, 52. min), De Paul, Giuliano (Lino, 46. min), Julián Alvarez (Griezmann, 63. min) eta Sorloth (Gallagher, 67. min).

Golak: Catena, 1-0 (25. min); Budimir, 2-0 (82. min).

Epailea: Mario Melero Lopez. Txartel horia atera die Pablo Ibañez gorritxoari eta De Paul koltxoneroari.