Itxi

Futbola

2025eko Eurokopa

Ingalaterrak Eurokopako titulua berretsi du, Espainiari penaltietan irabazita

EITB

Ingalaterrak Mariona Caldenteyren gola berdindu du eta penaltietan eutsi dio txapelketari.

  • Ingalaterrako jokalariak garaipena ospatzen. Argazkia: EFE

    Ingalaterrako jokalariak garaipena ospatzen. Argazkia: EFE

Ingalaterrak mendean hartu du Espainia igande honetan Suitzako Eurokopako finalean, penaltietan. Hannah Hampton atezainaren bi geldiketek titulua berresteko balio izan dute. Ingalaterrak Mariona Caldenteyren gola berdindu du eta penaltietan eutsi dio txapelketari.

Hainbat abisuren ondoren, Espainiak aurrea hartu du markagailuan, Atheneatik sortutako jokaldi bati esker. Ona Batllek erdiraketa egin du, eta Marionak 0-1ekoa jarri du 25. minutuan.

Atsedenaldiaren ostean, Espainiak partida kontrolpean zuela zirudien. Aitana eta Mariona bigarren gola sartzen saiatu dira, baina euren jaurtiketak Hamptonen eskuetara joan dira.

Kelly lasterketara atera da, erdiraketa egin du Russorentzat eta hark berdinketa jarri du buruz (57. min). Ingalaterra suspertu egin da golarekin, baina markagailua ez da gehiago mugitu eta luzapenera joan dira.

Espainiak setiatu egin du Ingalaterra luzapenean, abagune ugarirekin, baina partida penaltietan erabaki behar izan da. Cata Collek bi penalti gelditu ditu, baina ez da nahikoa izan. Hannah Hamptonek beste bi gelditu ditu, eta Paralluelok kanpora jaurtitako penaltiarekin gehituta, Ingalaterra txapeldun bihurtu da.

Fitxa teknikoa:

1 – Ingalaterra: Hannah Hampton; Lucy Bronze (Niamh Charles, 106. min), Leah Williamson, Jessica Carter, Alex Greenwood; Ella Toone (Beth Mead, 87. min), Keira Walsh, Georgia Stanway (Grace Clinton, 115. min); Lauren Hemp, Alessia Russo (Michelle Agyemang, 71. min) eta Lauren James (Chloe Kelly, 41. min).

1 – Espainia: Cata Coll; Ona Batlle, Irene Paredes, Laia Aleixandri, Olga Carmona (Leila Ouahabi, 105. min); Aitana Bonmati, Patri Guijarro, Alexia Putellas (Claudia Pina, 71. min); Athenea del Castillo (Salma Paralluelo, 89. min), Esther Gonzalez (Vicky Lopez, 89. min) eta Mariona Caldentey.

Golak: 0-1, 25. min: Mariona. 1-1, 57. min: Russo.

Penaltiak: 0-0: Mead, Catak gelditua. 0-1: Patri Guijarro, gola. 1-1: Greenwood, gola. 1-1: Mariona, Hamptonek gelditua. 2-1: Niahm Charles, gola. 2-1: Aitana, Hamptonek gelditua. 2-1: Williamson, Catak gelditua. 2-1: Salma Paralluelo, kanpora. 3-1: Chloe Kelly, gola.

Epailea: Stephanie Frappart (FRA). Txartel horia atera die Russo, Bronze eta Hemp Ingalaterrako jokalariei.