Itxi

Futbola

Heriotza

Xabier Azkargorta hil da

EITB

Azpeitiko entrenatzailea Bolivian hil da, 72 urte zituela. Besteak beste, Boliviako hautatzailea izan zen, eta historia egin zuen herrialde horretako selekzioarekin, bere esanetara sailkatu baitzen lehen aldiz Munduko Kopa baterako.

  • Xabier Azkargorta. EITB

    Xabier Azkargorta. EITB

Xabier Azkargorta entrenatzaile azpeitiarra hil da, 72 urte zituela, Boliviako Santa Cruz de la Sierra hirian. Duela zenbait urte joan zen hara bizitzera, eta gaixotasun baten ondorioz zendu da.  

Ibilbide luzea egin zuen futbol munduan. Jokalari gisa, Realean, Bilbao Athleticen eta Lagun Onaken aritu zen, baina entrenatzaile lanetan nabarmendu zen gehien.

Txileko eta Boliviako hautatzaile izan zen, eta Boliviarekin historia egin zuen, bere esanetara sailkatu baitzen lehen aldiz selekzio hori Munduko Kopa batera, 1994an Ameriketako Estatu Batuetan jokatu zen txapelketara, hain justu ere. 

Espainiako Ligan, Espanyol, Valladolid, Sevilla eta Tenerife zuzendu zituen, eta bere ibilbide profesionala Bolivian bukatu zuen. Herrialde horretako hainbat talde entreinatu zituen 2012a eta 2020a bitartean, eta, ondoren, erretiroa hartu zuen.