Futbola
F Moeve Liga
Realak eta Athleticek bana berdindu dute Anoetan, derbi oso lehiatuan
EITB
Txuri-urdinek eta zuri-gorriek bana egin dute, F Moeve Ligako 11. jardunaldiko derbian. Agotek aurretik jarri du Athletic, 66. minutuan, eta Eizagirrek egin du berdinketaren gola, penaltiz, luzapenean.
Realak eta Athleticek 1-1 berdindu dute igandean, 2025-2026 denboraldiko F Moeve Ligako 11. jardunaldiko euskal derbian, Anoetan. Daniela Agotek egin du 0-1ekoa, 66. minutuan, eta Nerea Eizagirrek egin du 1-1ekoa, luzapenean, 96.ean, penaltiz. Horrenbestez, Realak sailkapeneko 3. postuan jarraitzen du (24 puntu ditu), eta Athletic 10. tokian dago (10 puntu).
Anoetan giro bikaina zela, 10.094 zaleren aurrean, Athleticek hartu du jokoaren kontrola derbiko lehen minutuetan. Bizkaiko taldea berdegunean Reala baino erosoago zebilela zirudien. Javi Lergaren taldeak kontrolpea izan du zelai erdia, eta ondo egin du aurrera hegaletatik, Ortegaren eta Agoteren bidez. 12. minutuan, Clara Pinedok aukera ona izan du: jaurtiketa egin du area ertzetik, eta errematea pixka bat desbideratuta irten zaio, Julia Arrularen ezkerretara. Reala baloia lapurtzen eta erasora azkar ateratzen saiatu da, erritmo biziko norgehiagokan.
Lehen zatiko azken minutuetan, Realak hiru abagune argi izan ditu markagailuan aurrea hartzeko. 41. minutuan, Adriana Nanclaresek kornerrera desbideratu du jaurtiketa gogor bat, eta, hurrengo jokaldian, Klara Cahynovak area barrutik errematatu du; jaurtiketa derbiko lehenengo gola izango zela zirudien, baina Naia Landaluzek, oso adi, atepean aldendu du. Ia jarraian, Maria Molinak buruz eman dio baloiari, eta oso gutxigatik ez da sartu ate barruan.
Bigarren zatiaren hasieran, Realak kontrolpean hartu du zelai erdia, eta Arturo Ruizen taldeak 1-0ekoa sartzeko aukera oso ona izan du; Adriana Nanclaresen aurrean bakar-bakarrik zegoela jaurti du Arolak, baina Athleticeko atezainak geldiketa bikaina egin du. 66. minutuan, Daniela Agote zuri-gorriak gola sartu du, erasoko jokaldi bati amaiera ezin hobea emanda. Ane Azkona arean sartu da eskuinaldetik, baloia Barakaldoko futbolariak jaso du, jaurtiketa ona egin du, eta Arrularen sareetara bidali du.
Markagailuan atzetik zihoala, Realak erasoaldia areagotu du, berdinketaren bila. Athletic sendo zebilean atzealdean, baina, luzapenean, talde txuri-urdinak bere ahaleginaren saria bereganatu du; baloiak Landaluzeren eskua jo du area barruan, eta Nerea Eizagirrek 1-1ekoa sartu du, penaltiz, 96. minutuan. Ez da beste ezer gertatzeko astirik izan, eta, ondorioz, derbia berdinduta amaitu da.
Fitxa teknikoa
1 - Reala: Arrula; Lucia Rodriguez, Florentino (Pardo, 78. min), Molina (Nahia Aparicio 71. min), Moraza; Paula Fernandez, Jacinto, Cahinova; Lavogez (Arola Aparicio, 59. min), Egiguren (Eizagirre, 71. min) eta Agirrezabala (Marcos, 58. min).
1 - Athletic: Nanclares; Nevado, Bibi, Landaluze, Elexpuru; Ogiza (Baños, 62. min), Zubieta, Agote (Vilariño, 87. min), Pinedo (Valero, 77. min), Ortega (Eider, 78. min), Campos (Azkona, 62. min).
Epailea: Beatriz Cuesta (Galiziako Batzordea). Athleticeko Ogiza, Azkona eta Valero zigortu du, txartel horia aterata.
Golak: 0-1, 65. min: Agote. 1-1, 90+6. min: Eizagirre, penaltiz.
Nabarmentzekoa: 10.094 zale izan dira Anoetan.

