Futbola
Lanuztea
Portugalgo futbol epaileak greba deitzea aztertzen ari dira, indarkeriaren aurka protesta egiteko
EITB Media
Portugalgo Futbol Epaileen Elkarteak (APAF) azaldu duenez, "erabateko lanuztea" antolatzea pentsatzen ari dira, herrialdeko ligak ez baditu neurriak hartzen partidetan jasaten duten ahozko indarkeriari eta segurtasun faltari aurre egiteko.
-
Artur Dias epaile portugaldarra. Artxiboko irudia: Europa Press
Portugalgo futbol epaileek greba deitzea proposatu dute, baldin eta ligak ez badu neurririk hartzen partidetan jasaten duten indarkeriari eta segurtasun faltari aurre egiteko.
Portugalgo Futbol Epaileen Elkarteak (APAF) gaur bere sare sozialetan argitaratutako ohar batean azaldu duenez, "erabateko lanuztea" antolatzekotan daude, ligak ez badu erabakirik hartzen elkarteak agindako proposamenen inguruan.
Azkenaldian hainbat istilu izan dira bertako ligan; esaterako, Benficako buruzagi batek mehatxu egin omen zion epaile bati, berdinketa baten ondoren, eta epaile bat kexatu egin zen baten batek telebista bat jarri zuelako haren aldagelan. Gailua ezin zen itzali, eta Portoren aurkako erabaki polemikoen irudiak jartzen zituen etengabe.
APAFek gogorarazi duenez, joan den azaroaren 12an bilera bat izan zuen ligako ordezkariekin, Reinaldo Teixeira presidentearekin, besteak beste, epaileek denboraldi honetan martxan jarri nahi dituzten hainbat neurri eta arau aldaketa aurkezteko.
Hala ere, deitoratu dute ligaren erantzunak ez dituela "asebetetzen" haien asmoak, eta, beraz, aurreratu dugd epaileek protesta-ekintzak areagotuko dituztela "lanean errespetua, segurtasuna eta duintasuna bermatuko duten neurri objektibo eta eraginkorrak ezarri arte".
APAFek eskatu du gaia "seriotasunez eta sakontasunez" jorratzea eta Portugalgo Ligak eztabaida dezatela bai batzar orokorrean, bai presidenteen goi-bileran, ostegun honetan, abenduaren 4an.

