Futbola
Frantziako bigarren maila
Helena Costa, profesionalki gizonak entrenatzen aitzindaria
Elena Etxebarrieta
Portugaldarrak Clermont Foot, Frantziako bigarren mailako gizonezkoen taldea, entrenatuko du datorren denboraldian.


Futbola ez da soilik gizonen esparrua. Garaiak aldatuz doaz eta emakumeek gero eta leku nabarmenagoa dute, kirol errege deitzen zaion horretan. Ez zaigu arrotz egiten kluben presidente karguetan ikustea, ezta berdegunean futbolari, epaile edo entrenatzaile karguetan ere. Baina kontua aldatzen da gizonak entrenatu behar direnean. Orduan berdintasuna teoria hutsa da Europan, ez dugu praktikan jartzen. Dena den, pauso garrantzitsuak ematen ari dira zentzu horretan.
Helena Costaren kasua, horren erakusle. Portugaldarrak entrenatuko du datorren denboraldian Frantziako bigarren mailako Clermont Foot taldea, Regis Brouarden ordez. Costa Frantziako talde profesional bat entrenatzen lehen emakumea izango da. 36 urte ditu eta Benficaren harrobiarekin lan egin eta gero, Qatar eta Irango selekzioetako hautatzailea izan zen. Ondoren Celticeko ikuskatzaile lanetan aritu zen.
Clermont taldea hamalaugarren postuan dago Frantziako bigarren mailan, denboraldia bukatzeko bi jardunaldi falta direnean. Mailari eutsiko dio. Costak 17 gizonez osatutako plantila zuzenduko du eta horiei harrobiko gazteak gehituko zaizkie seguruenik. Helenaren fitxaketarekin klubak aro berri bati ateak ireki dizkio.