Futbola
Larunbatean, 20:30ean
Bartzelona-Real Madril, aurtengo ligako azken klasikoa
Agentziak | Erredakzioa
Hamar puntuko aldea dago sailkapenean, bi taldeen artean. Lehen itzuliko neurketan, Bartzelona 0 eta 4 gailendu zen Bernabeun.
-
Cristiano Ronaldo eta Piqué. Argazkia: Efe.
Ligako 172. klasikoa jokatuko dute Bartzelonak eta Real Madrilek, denboraldiaren azken zatian. Kataluniarrek 10 puntuko aldea dute sailkapenean madrildarrekin, eta Zidanen taldeak ezinbestekoa du partida irabaztea liderrari presioa egin nahi badio. Bi taldeek, gainera, Txapeldunen Liga dute buruan, datorren astean final-laurdenetako kanporaketak jokatu behar baitituzte.
Lehen itzulian jokatutako klasikoan, Bartzelona 0 eta 4 gailendu zen Bernabeun, Real Madril aise gaindituta. Baina horrelako partidetan edozer gauza gerta daiteke, eta hori argi eta garbi geratu zen iaz Camp Noun jokatutako norgehiagokan. Orduan, Real Madrilek gol aukera ugari eta nabarmenak izan zituen lehen zatian, baina azkenean Barçak lortu zuen garaipena, bigarren zati bikaina egin ostean.
Vila-realen aurka berdindu ostean, Bartzelonak 39 partida daramatza porrotik jaso gabe, eta 40. Lortzeko irrikan daude, Nottingham Forest talde ingelesal 1977-78 eta 1878-79 denboraldien artean lortutako marka berdintzeko.
Real Madrili dagokionez, larunbateko partida autoestima berreskuratzeko aukera da zurientzat, talde handien aurkako neurketetan burumakur atera baitira aurten.Gainera, moralez gainezka egon nahi dute denboraldiko helburu handia gauzatzeko: 11. Europako Kopa irabaztea.
Ustezko hamaikakoak:
Bartzelona: Bravo; Alves, Piqué, Mascherano, Alba; Rakitic, Busquets, Iniesta; Messi, Suárez eta Neymar Jr.
Real Madril: Keylor Navas; Carvajal, Pepe, Sergio Ramos, Marcelo; Casemiro, Kroos, Modric; Bale, Cristiano Ronaldo eta Benzema.
Epailea: Alejandro Jose Hernandez Hernandez (kanariarra).
Ordua: 20:30ean.
Estadioa: Camp Nou.