Itxi

Futbola

World Football Summit

Iraola eta Mendieta hizlari arituko dira WFS Bilbao Industry kongresuan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Alaves, Eibar, Reala eta Osasunak dagoeneko baieztatu dute bertan parte hartuko dutela. Aldiz, Athleticen erantzunaren 'zain' daude antolatzaileak.

  • Andoni Iraola. Artxiboko argazkia: EFE

    Andoni Iraola. Artxiboko argazkia: EFE

Andoni Iraola eta Gaizka Mendieta futbol jokalari ohiak hizlari gisa jardungo dute otsailaren 14tik 15era bitartean Bilbon izango den World Football Summit Bilbao Industry (WFSBI) kongresuan. Hala baieztatu dute astearte honetan ekitaldi horren hirugarren edizioa antolatzeko ardura dutenek.

Bi euskal jokalariekin batera, ekimen horren sustatzaileek futbolaren industriari lotuta dauden hainbat esparrutako pertsona "esanguratsu" ugari ekarriko dituzte Bilbora. Besteak beste, futbolari aplikatutako "berrikuntza teknologikoak, heziketarako prestakuntza-metodologiak edota hedabide sozial digitalen bitarteko komunikazioa" izango dituzte hizpide aipatu gonbidatuek.

Kongresuaren xedea "futbol taldeen eta futbolaren industriako enpresen artean harremana uztartzea" da, baita "Euskadiko kirol industrian zein turismoarenean eragin ekonomikoa sortzea" ere.

Lehen eta Bigarren Mailako talde guztiak daude gonbidatuta bertara, eta antolatzaileek adierazi dutenez, Alaves, Eibar, Reala eta Osasunak dagoeneko baieztatu dute bertan parte hartuko dutela. Antolatzaileak, aldiz, Athleticen erantzunaren "zain" daude.

Lehendabiziko aldia izango da WFS kongresua Madriletik kanpo egingo dena. Azken edizioan 70 herrialdetik etorritako "2.200 lagun inguruk" esku hartu zuten, tartean, "banketxeak, lege aholkularitzak, jokalari ohiak, ordezkariak, federazioak, kirol-materialen ekoizleak eta segurtasun- zein teknologia-enpresak".